Busturialdeko hondartzak "esparru dinamikoak" izango dira hondartza denboraldia hasi arte
Ekainaren 15ean hondartza denboraldia hasi arte, ezingo da eguzkia hartzen egon Ibarrangeluko, Mundakako, Bermeoko eta Eako hondartzetan. Ean, hala ere, asteburuetarako ezarri dute debekua, astegunetan jende pilaketaren arazorik ez daukate eta.
Ibarrangeluko Udalak eguaztenean ateratako Alkatetza dekretuan zehazten denez, ekainaren 15ean hondartza denboraldia hasi arte, ezingo da eguzkia hartzen egon Laga eta Laida hondartzetan. Mundakako Udalak ere erabaki berdina hartu du. Hondartzape eta Laidatxu hondartzak eta Txorrokopuntako gunea “esparru dinamikoak” izango direla jakinarazi dute. Hala, bi herrietan, bainua hartzea, paseatzea eta uretako kirolak zein banako bestelako kirolak egin ahalko dira.
Mundakan, bestalde, portua eta Herrerako kaia zarratuko dituztela jakinarazi dute; itsasontzietara iristeko edo horiek erabiltzeko bakarrik erabili ahalko dira.
“Datozen 15 egunetarako ezarritako arauak errespeta daitezela eskatzen dugu, lehenik eta behin, biktimei eta hainbeste pertsonaren sufrimenduari zor zaien errespetuagatik eta konfinamenduaren sakrifizioa eta krisi ekonomikoaren ondorio larriak zapuztuko dituzten arriskurik ez ditugulako behar. Udalean arduraz jokatu behar dugu eta guztion onerako pentsatu beharra daukagu. Gure hondartzen eskumena Bizkaiko Foru Aldundiarena da, eta denboraldia ekainaren 15ean hasi arte, gu, udala garen aldetik, ez ditugu giza baliabiderik ezta baliabide materialik ere edukiera, distantzia eta baldintza higieniko-sanitarioak behar bezala betetzen direla kontrolatzeko, komunak itxita baitaude. Horregatik, zuhurtasun-neurri batzuk hartu ditugu, eta zentzuzkoak direla uste dugu; aisialdiaz gozatzeko aukera ematen dute eta betetzeko errazak dira, arrisku sanitario pertsonal eta kolektiboak saihesteko”, azaldu du Mikel Bilbao Mundakako alkateak.
Bermeoko Udalak egunotan hondartzetan egon den jende kopurua ikusita, herriko hondartzak eta bainu guneak erabiltzeko gomendioak kaleratu ditu. Hala, segurtasun distantziak bermatze aldera eta herritar guztiek hondartzaz disfrutatu ahal izateko, hondartzari “esparru dinamikoaren” erabilera ematea gomendatu du udalak. Bainua hartzea edota denbora tarte labur batez egotea eskatzen da, bertan eguzkia hartzen edo jolasten geratu gabe. Hondartzarako sarreretan eta irteeretan beti norberaren eskumatik joatea gomendatzen da, distantziak mantentzeko. Izan ere, pertsonen arteko 2 metrokoko segurtasun distantzia mantendu behar da beti. Udaltzaingoak segurtasuna bermatzeko ikuskapenak egingo dituela jakinarazi dute. Gogorarazi dute, gainera, ekainaren 15era arte soroslerik ez dela egongo.
Eako hondartzan, berriz, asteburuetan bakarrik dago hareatzan eguzkia hartzea debekatuta.
Neurri honekin jende pilaketak saihestu gura dituzte udalek. Izan ere, denboraldi hasiera heldu bitartean, egun eguzkitsu eta beroetan jende asko batuko dela aurreikusi dute, eta “edukiera eta distantziak kontrolatzeko baliabide material eta pertsonalik” ez daukate udalerriotan. Gainera, komun publikoak itxita daudenez, osasun eta garbitasuneko “gutxieneko neurriak” ez direla betetzen gogoratu dute.
Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 24ko 12/2020 Dekretuan 2 faserako arauak eta neurriak azaltzen dira. Hondartzei dagokionez, bertan egotea eta paseatzea arautzen da, bai eta kirolak praktikatzea, beti ere, banaka eta 2 m-ko distantzia mantenduta. Horrez gain, udalei mugak jartzeko eskumena ematen zaie.
Hondartzak zabalik, baina “modu dinamikoan” izatearen erabakiaren zergatia azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak, eta zentzuz jokatzeko dei egin du. “Eguzkia hartzen denbora luze batean egotea ez dugu bidezkoa ikusten. Asko gara, eta hondartza txikia da. Zentzuz jokatu eta hurkoan pentsau behar dugu, denok disfrutatu ahal izateko denona den horretaz”. Earen kasuan, astegunetan ez da jende askorik egoten hondartzan, eta horregatik asteburuetarako bakarrik jarri dute eguzkia ez hartzearen neurria: “Momentuz behintzat astegunetan ez dago jende pilaketarik; gero ez dakigu zer pasatuko den. Arazoa da 2m-ko distantzia ezin denean mantendu, eta guk uste dugu hori batez ere asteburuan eman ahal dela gure kasuan”.