Datorren astean Garbigune mugikorra ipiniko dute Ereñon
Ekainaren 1etik 5era egongo da Elexaldeko aparkalekuan.
Astelehenetik barikura [ekainak 1-5] Elexalde auzoko aparkalekuan egongo den Garbigune mugikorrean askotariko hondakinak uzteko aukera edukiko dute ereñarrek.
Bizkaiko herritarrentzat birziklatzea errazagoa eta hurbilagoa egiteko helburua daukate aldundiaren Garbigune mugikorrek. Edukiontzi ibiltari horietan etxeetan sortutako hondakinak jasotzen dituzte, udalekin aurretiaz adostutako egutegiaren arabera. Hain zuzen, aste honetan Ajangizen eta Muxikan daude, eta datorren astean, Ereñon eta Foruan egongo dira.
Metalezko zein plastikozko kapsulak, etxetresna txikiak, erradiografiak, telefono mugikorrak, kableak, aerosolak, pinturak, disolbatzaileak, pila, CDak eta DVDak… ohikoak ez diren hondakinak utzi daitezke. Baserri baten itxura duen 2 x 1,20 x 3,80 metroko edukiontziek erabilera egokia bermatzeko informazioa dute alboan.