Berhaz zerbitzua aurrez aurreko arreta ematen hasiko da astelehenean
Hitzordua eskatuta emango dute aurrez aurreko arreta. Eskariak kontuan hartuta orduak antolatu eta egunak finkatuko dituzte. Horren arabera, bulegoa behar den egunetan zabalduko dute.
Berhaz zerbitzua martxan hasiko da ekainagaz batera; aurrez aurreko arreta ematen hasiko dira astelehenetik aurrera. Hala, herritarrek arreta zuzeneko zerbitzuan egiten zituzten izapideak egiteko aukera izango dute, berriro ere. Hori bai, hitzordua eskatu beharko dela azaldu dute udal arduradunek: 010 telefonoan edo 010@bermeo.eus helbide elektronikoan eska daiteke hitzordua.
Jakinarazi dutenez, eskariak kontuan hartuta orduak antolatu eta egunak finkatuko dituzte, eta horren arabera, bulegoa behar den egunetan zabalduko dute, “eskari guztiei irtenbidea emateko”.
Berhaz bulegoan herritarren eta langileen osasuna bermatzeko neurri guztiak hartu eta segurtasuna mantentzeko lan dinamika zein protokoloak finkatu dituzte, arreta zuzeneko zerbitzua berriz eskaintzen hasteko. Orain arte, Berhaz bulegoak beharrezkoak ziren eta urgentziaz izapidetu beharreko gaiak bideratzeko, herritarrekin harreman zuzena bermatu du, astean behin; ” beste baliabide batzuen bitartez ezinezkoa zuten herritarrei arreta eskaintzeko eta Correos zerbitzutik jasotzen ziren eskariak erregistratu eta tramitatzeko”.
Joan den apiriletik 60 herritar baino gehiagok izan dute arreta zuzena.