Lanbideko bulegoek ekainaren 1ean ekingo diote arreta presentzialari
Arreta presentzialera itzuli arren, komunikazio telematikoa sustatzen eta bultzatzen jarraituko dute Lanbidekoek.
Astelehenetik aurrera, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoak zabaldu dituzte berriro, jendeari aurrez aurreko arreta zerbitzua eman ahal izateko.
Horretarako, Lanbideko erabiltzaile eta langileen osasuna babesten duten neurriak sustatuko dira, eta neurri horiek Lanbidek dituen 42 bulegoetan ezarriko dituzte. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, “berriro irekitzeko, osasun-segurtasuneko gomendio eta irizpideak beteko dira, eta pertsona guztiak babestuko dira”.
Metakrilatozko manparak, distantziak gordetzeko markak eta edukiera mugatua adierazteko kartelak jarriko dituzte, bai eta gel higienizatzaileak eta/edo paper-zapi garbitzaileak ere. Modu berean, bulego guztietako ohiko garbiketa sendotuko dute.
Babes-neurri kolektiboak direla eta, bulegoetara doazen erabiltzaileek maskara eraman behar dute, ezinbestean; bakarrik joan beharko dute, posible denean; arreta jaso aurretik eskuak paper-zapiz edo gel higienizatzailez garbitzeko eskainiko zaie, eta dokumentazio guztia aldean eramatea gomendatuko zaie, bereziki NANa eta/edo pasaportea. Era berean, beren datuak jaso dituzten inprimakiak aurkeztu behar badituzte, inprimaki horiek Lanbideren webgunetik deskargatzeko eskatuko zaie eta beteta eraman ditzatela, ahal den neurrian, erabiltzaile bakoitzari arreta emateko denborak arintzeko.
Aurretiazko hitzorduak. Bulegoetan pilaketarik ez egoteko, gainera, aurretiko hitzorduaren sistema sustatuko dute. Izan ere, komunikazio telematikoa sustatzen eta bultzatzen jarraitzearen alde egin dute, etxetik egin daitezkeen izapide guztiei bide emateko. “Helburua da bulegoetan ahalik eta jende-kopuru txikiena batzea eta geletan itxaroteko denborak murriztea”, esan du Artolazabalek.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak dioenez, aurretiko hitzorduen egutegia diseinatu dute eta, horretarako, denborak banatu dituzte esku-hartze bakoitzerako. Nahi dutenek aurretiko hitzordua eskatu ahalko dute, Lanbideren webgunearen bidez, www.lanbide.euskadi.eus edo erakundean herritarrei arreta emateko dauden telefonoen bidez, 945 160 600 / 630 305 452.
Komunikazio telematikoa sendotzea. Langileen ahaleginari esker, harremanetarako bide telematikoak irekitzeko jauzi teknologikoa eman dutela dio sailburuak: “Horri esker, Lanbide zabalik egon da, eta baliabideak eskaini ditu. Beharrizana dohain bilakatu da, eta nabarmen sustatu dugu Lanbideren modernizazio-prozesua; bost urte barrurako aurreikusten ziren helburuak bete ditugu”. Eta egindako lan horri jarraipena eman gura diote.