Elkar eraginda, zaintza saretu
Zaintza Sarearen eskariz, zaintza publikoko mahaia osatu dute; Caritasek, Gurutze Gorriak, Mankomunitateak eta sareak elkarregaz koordinatuta lan egingo dute.
Behar gehien dituzten Gernika-Lumo eta inguruko pertsonengana heltzeko herriko norbanakoak batu ziren, eta norabide berean lan egiten hasi, “koronabirusak eragindako egoerari aurre egiteko”. Auzoetatik, eraikin bateko bloke bakoitzeko solairu batetik bestera edota atetik atera elkartasuna banatzen hasi ziren Zaintza Sareko kideak.
Zaintza lana saretu zuten, eta buru-belarri eta gelditu barik lan egin dute behar gehien zutenei laguntzeko: “Egon ginen, bagaude eta egongo gara”. Orain, baina, zaintza kolektibizatzeko beste pauso bat eman dute, maiatzaren 15ean zaintza mahai publiko bat eratzea adostu baitzuten. “Zaintza mahai publiko bat osatzeko gure proposamenak argia ikustea lortu du. Busturialdeko Mankomunitateko ordezkariek, Gernika-Lumoko Gurutze Gorriak, Caritasek eta Zaintza Sareak elkarrekin modu koordinatuan lan egitea erabaki dugu”, diote sareko kideek, eta egingo duten lan hori gizartearen egungo eskaerei erantzuteko eta etorkizunean izango diren eta oraindik indentifikatu barik egon daitezken eskaerei erantzuteko egingo dutela zehaztu dute.
Duela 77 egun jaio zen Zaintza Sarea, koronabirusak sortutako alarma egoeragaz batera, eta modu aktiboan lan egiten duten 66 boluntarioz eta erreserban dauden beste 40 boluntarioz osaturik dago. Gernika-Lumokoak dira batzuk, eta inguruetako herrietakoak beste batzuk. Horietako askok ez zuten elkar ezagutzen, adin, lan profil edota ideologia desberdinetakoak baitziren. Mezularitzako sare sozial bati esker batu ziren, eta elkarregaz lanean aritu dira.
Ez dakite jaio ziren moduan hilko diren, koronabirusagaz batera. “Argi daukagu egon ginela, bagaudela eta egongo garela. Ez dakigu zelan. Barne azterketa eta hausnarketa prozesu sakon batean murgilduta gaude, baina hor egongo gara”. Herritarrekin egon dira sarea osatzen dutenak, eta etorkizunean ere egongo dela diote, “gizarteak berak eskatzen duen moduan eta edonolako dominarik, titularrik edota azalik bilatu barik”.
Hiru talde
COVID-19ak aurrera egin ahala antolatzen hasi ziren, eta hiru lantalde desberdin antolatu zituzten, zereginak “ahalik-eta ondoen” antolatu eta koordinatzeko: logistika lantaldea, zaintza emozionaleko taldea eta komunikazio lantaldea.
Hiritar eta merkatariengandik jasotako oihalen eta gomen dohaintzak koordinatzeaz arduratu zen logistikako taldea: “Jostunek guztira egindako 535 maskara banatu ditugu”. Halaber, Maier Kooperatibagaz, Barrutialdeko Lanbide Heziketako ikastetxeagaz, Bermeoko eta Gernikako maker-ekin, mankomunitategaz, Gurutze Gorriagaz eta Gernikako Merkatarien Elkarteko kideekin lankidetzan aritu dira, ekoiztutako 1.196 pantaila banatuz eskualdeko adinekoen egoitzetan, herritarren artean, eta, batez ere, herriko ekonomia eta enpresa esparruan banatuz. Beste horrenbeste egin dute eskularru eta gel hidroalkoholikoekin.
Astelehenetako Merkatu Plaza bueltatu zenean ere bertan egon ziren, lehen sektoreari bultzada emateko asmoz. Gainera, lau familiatako kideri janaria erosi eta oinarrizko tresnak banatu dizkiete, eta horietako familia batentzat etxebizitza bat aurkitu ere. “Allende Salazarregaz ere harremanetan egon gara, eskolako apunte batzuk banatzeko”, gehitu dute.
Zaintza emozionaleko lantaldea, bestalde, sareko boluntarioei laguntza emozionala emateaz arduratu da, entzute aktiboaren bidez. Taldeko gehienak osasun sektoreko langileak dira, eta Kaltzada Egoitzako zaintzaileek egindako lana balioan jarri dute: “Zaintzaileei eskerrak emateko eta euren lana balioan jartzeko bertso bat egin genien. Beste horrenbeste egin zen Gernikako bonbardaketaren urteurrenean eta nazioarteko egutegian nabarmendutako beste egun batzuetan ere”.
Horrez gain, etxeko txikienei eskainitako hainbat jarduera antolatu dituzte. Hala, tokiko telebistaren bidez, Gazteria+ izeneko espazio bat lortu dute, nerabeei zuzendutakoa. Besteren artean, asteko erronka sortu dute, burua ezeze, gorputza ere trebatzeko. Adin guztietako herritarren inplikazioa bilatu asmoz, gainera, testu bat sortzera animatu dituzte herritarrak, “gero, izen handiko musikariek forma eta kolorea emateko”.
Komunikazio taldearen zeregina herritarrekin harreman zuzena izatea izan da, eta agintariek emandako informazio garrantzitsua partekatzen eta tokiko kontsumoa bultzatzeko lana egin dute.
Bide luzea
Lan handia egin dute, eta bidean oztopo batzuk aurkitu dituztela onartu dute: “Bidean harri batzuk aurkitu ditugu, estropezuaren ertzera eraman gaituzten harriak. Baina, azkenean, saihestu ahal izan ditugu”. Euren norabidean lanean jarraitu dute, laguntzeko eta zaintzeko helburu tinkoagaz, eta taldearen aukeren artean, oinarrizko beharrak bete dituztela uste dute.
Hala ere, zenbaitetan “ezikusiak” sentitu direla azaldu dute. “Ertzaintzak lan humanitarioan gabiltzala isuna jarri digu, taldearen existentzia eta lan egokia frogatu den arren”–salatu dute–, eta Gernikako Udaltzaingoen jarrera eskertu dute: “Udaltzaingoak hasieratik izan du gure berri, aintzat hartu gaitu, eta behar den moduan balioetsi”. Gorabeherak izan arren, egindakoagaz harro daude, eta etorkizunean horrela behar izanez gero, herritarrentzako lanean egongo direla badakite.