Banda zabalaren beharrizana aldarrikatu dute Almikako auzotarrek
Konfinamendu sasoian "ezinezkoa" izan dute telelana egitea, eta ikasleek ezin dute eskolak sarean jarraitu. Diotenez, erakunde guztietako ateak jo dituzte.
Banda zabalik barik eguneroko ohiko bizitzan zailtasunak izaten dituzte Almika auzoko bizilagunek. Zailtasun horiek, hala ere, areagotu egin dira konfinamendu garaian. «Ezinezkoa» dute telelana egitea, eta ikasleek ere ezin dituzte eskolak sarean jarraitu, konexioa moztu egiten zaie, behin eta berriro.
Herrigunetik hurbil dagoen auzoa da Almika. 32 etxebizitza inguru daude, eta 65 lagun bizi dira. Hainbat urte daramatzate banda zabala eskatzen. Almika auzoko alkate Joseba Ugaldek dioenez, ateak jo izan dituzte erakunde guztietan, eta telefonia enpresetara ere hainbat dei egin eta mezu bidali dituztela azaldu du: «Euskal Herriko gainontzeko herritarrak modura, Almikako auzotarrok zergak ordaintzen ditugu, bai eta telefonia enpresetako fakturak ere».
Herriko beste auzo batzuetara banda zabala iritsi dela diote, eta Almikara, «herriko zaindariaren auzoa izanik», oraindik ez delako iritzi kexu dira auzotarrak. Bermeoko Udalak esan die euren eskuetan ez dagoen gaia bada ere, «indarra egiten» lagundu dezakeela, eta badabiltzala horretan.
Arazo ugari. Jon Oienarte auzotarrak bideokonferentzia ugari egin behar ditu lanagatik. Konfinamenduan, telelana egiten ibili da, eta Almikako etxetik ezin izan duela lanik egin azaldu du: «Behin eta berriz mozten zen konexioa». Antzerakoa gertatzen zaie Arrate Larrozearen semeei, telelana egiteko aukera edukita ere, ezin izan dute etxetik lanik egin: «Zerbait garrantzitsua egin behar bazuten, lantokira joan beharra zeukaten, Lemoaraino».
Familietan, gainera, tarteka aritu behar dute, edo gurasoak lanean edota seme-alabak eskolak sarean jarraitzen. Zenbait kasutan, herrigunean bizi diren familiartekoren baten etxebizitzetara jaitsi beharra eduki dute eguneroko lana egin ahal izateko. «Gaur egun asko entzuten den eten digitala bizi dugu. Beharrezko zerbitzu bihurtu da bizi dugun egoera honetan», diote auzotarrek.
NGA sarearen gune zurian. Auzoa gune gris modura sailkatuta zegoen NGA sarean, hau da, banda zabala zeukatelakoan zeuden, «auzoaren hasierako etxebizitza batek badaukalako konexioa». Almika auzoa, orain, NGA sarearen gune zurian dago sailkatuta, eta, hortaz, itxaron egin beharko dute banda zabala edukitzeko. Auzotarrek diote hurbil daukatela konexiorako gunea, 600 metrora, gutxi gorabehera.
Auzotarrek azaldu dutenez, enpresentzat, beharbada, ez da errentagarria izango Almika moduko auzo bati zerbitzua ematea. Auzo alkateak esan du Eusko Jaurlaritzako telekomunikazioetako arduradunagaz berba egin zuen azken aldian esan ziola gutxi gorabehera 2.000 euroko inbertsioa izango zela. «Kopuru hori hamar bezerogaz 5 hilabetean amortizatuta egongo litzateke».