Busturialdean COVID-19an positiborik gabeko lau udalerrietako bat da Ea, eta osasun krisia kontuan hartu dute udan hartzen dituzten neurriak erabakitzeko.
Udako hilabeteetarako ibilgailuen zirkulazioari dagozkion hainbat neurri hartzen dituzte, Ean, eta aurten, osasun krisia kontuan hartuta, ohiko neurriez gain, beste batzuk hartzea erabaki du udalak: “COVID-19ak herriko espazio egokiagoak prestatzeko erronka jarri digu aurrean urruntze fisikoko baldintzak betetzeko gure aisialdian eta paseoetan, eta tabernak ireki eta iraun ahal izateko terrazetara bideratutako eremuak handitzea ahalbideratuz. Hori ikusita, konfinamenduaren deseskalatze-fase honek udalerriko espazio publikoa birpentsatzera behartzen gaitu”.
COVID free. Busturialdean COVID-19an positiborik gabeko lau udalerrietako bat da Ea, eta horrela izaten jarraitzeko udalak hainbat gomendio gogoratu dizkie herritarrei zein bisitariei. Pertsonen artean 2 m-ko distantziak mantentzearen eta maskarillak erabiltzearen garrantzia azpimarratzeagaz batera, eskuak sarri garbitzea beharrezkoa dela esan dute, eta horretarako kalean gel banagailuak jarri ditu udalak.
Herriguneko kaleak oso estuak direnez, espazio publikoa egokitu dute pertsonen arteko distantziak mantentzea erraztu asmoz. Hala, komertzioak dauden kaleetan ezingo da aparkatu, eta garajeetara joateko eta zamalanetarako soilik pasatu ahal izango da aipatu kaleetatik.
Ekainaren 1etik [astelehena] irailaren 15era arte bete beharko dituzte neurriak bertako bizilagunek zein bisitariek.
Ezingo da aparkatu Kale Nagusian, Belen Kalean, Jesus Kalean, Aritza kalean, eta Barria kalean. Era berean, Barria kalea norabide bakarrekoa izango da. Zubietan oinezkoentzat norantza bakarra (gurpildun aulkientzat izan ezik) markatuko dute, oinezkoak inorekin ez gurutzatzeko. Bestalde, hornitzaileek zamalanak Aboitiz eta Kortazar enparantzan egingo dituzte.
Udaletxearen atzean dagoen aparkalekua eta Kurtzia kalea baimendutako ibilgailuentzat gordeko dira, egoiliarrentzat. Hau da, ibilgailuaren jabea Ean erroldatuta dagoela eta ibilgailua Eako Ibilgailuen Erroldan alta emanda dagoela ziurtatzen dutenek edukiko dute baimen hori. Udalerriko bizilagunek udaletxean jaso dezakete dagoeneko txartela. Gainontzekoek paper fabrika zaharreko eta Altxikarreko aparkalekuetan utzi beharko dituzte ibilgailuek.
“Pandemiaren portaera zein izango den eta espazio publikoaren erabilera nola berreskuratuko den aurreikustea zaila bada ere, argi dago epe laburrean behintzat espazio publikoa okupatzeko modua desberdina izango dela gure herrian birusa agertu aurretik genuenaren aldean, baldin eta gizarte-urruntasuneko osasun-segurtasuneko jarraibideei jarraituz egin nahi bada. Eta udan espazio gehiago behar dugu aurreko urteetan gure kaleetan egiten genituen jarduerak garatzeko. Horrela, deseskaladak azalera publikoa berregituratzera behartzen gaitu. Horregatik, oinezkoentzat eta bizikletentzat erreserbatuko ditugu, estuenak eta jendetsuenak diren Nagusia eta Barria, ibilgailu motordunentzako aparkalekuaren kaltetan”, azaldu du Iratxe Arriola Eako alkateak.