Jaurlaritzak herritarren jarrera jasangarriak bultzatzeko sentsibilizazio kanpaina abiarazi du
Kanpainaren helburua susperraldi berdea bultzatzea da, bai eta herritarren jarrera jasangarriak sustatzea ere mugikortasunaren, aisialdiaren eta kontsumoaren arloetan.
Etxetik ateratzeko unea iritsi da Euskadi jasangarriago batean sartzeko leloa jarri diote kanpainari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak jarri du martxan, Ihobe sozietate publikoaren bidez.
Kanpainaren helburua susperraldi berdea bultzatzea da, bai eta herritarren jarrera jasangarriak sustatzea ere mugikortasunaren, aisialdiaren eta kontsumoaren arloetan, “COVID-19ak eragindako krisi larriari aurre egiteko”.
Ohiturak sustatzea dute helburu kanpainagaz: bizikleta eta garraio publikoa gehiago erabiltzea, iraunkortasun luzeagoko produktuak fabrikatzea, jantziak berrerabiltzea, hondakinak behar bezala bereiztea, plastikoa murriztea, erabilera bakarreko ontziak ezabatzea edo naturaguneetara hurbiltzea, gozatzeko eta babesteko, hain zuzen ere.
“Gai izan behar dugu herritarrei azaltzeko, zer nolako garrantzia duten euren erabakiek bidaiatzeko edo kontsumitzeko orduan, barneko interkonexio estua duen ekosistema global batean bizi garelako eta ekosistema horren menpe daudelako gure bizitzak”, azaldu du Elena Moreno Ingurumen sailburuorde eta Ihobeko lehendakariak. Koronabirusaren krisiak, gainera, irtenbide bakarra “irtenbide ekologiko atzeraezina” dela agerian utzi duela dio Morenok, “pertsonak kontuan hartuko dituena”.
Gogoratu du, gainera, komunitate zientifiko eta akademikoko ahots ugarik azpimarratu dutela azken hamarkadetako klima-krisiak eta biodibertsitatearen galera basatiak COVID-19aren agerpenarekin izan duten lotura estua, “eta etorkizunean ager litezkeen beste batzuetako lehena izan daiteke”. Horregatik, Morenok dioenez, gizarteko hainbat estamentuk Europako Batzordeari eskatu diote Europako Itun Berdean aurreikusitako neurriak abian jar ditzan, krisialditik ateratzeko irteera berdea antolatzeko. Itun berdeak, besteak beste, honakoak proposatzen ditu: inbertsioak handitzea mugikortasun jasangarrian, energia berriztagarrietan, eraikinen birgaitzean, ikerketan eta berrikuntzan, biodibertsitatea berreskuratzean eta ekonomia zirkularrean.
“Krisi hau ezin da aitzakia izan ekonomia suspertzeko proposamen arduragabeak egiteko”, nabarmendu du sailburuordeak.