Hauteskundeetarako udalen gastu arruntaren zenbatekoa igotzea onartu du Jaurlaritzak
Gaurko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan, hauteskunde mahaiko 95 euro gehiago jasotzea onartu dute, Koronabirusak eragindako segurtasun eta babes neurriak ezartzeko gastuei aurre egiteko.
Uztailaren 12an egingo diren Legebiltzarrerako hauteskundeak finantzatzeko euskal udalen esleipena aldatzea onetsi dute gaurko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan. Zehatz esateko, urriaren 16ko 148/2018 Dekretuan jasotako udalen gastu arruntaren zenbatekoa aldatzea onartu dute, maiatzaren 18ko 11/2020 Dekretu bidez lehendakariak uztailaren 12rako deitu dituen hauteskundeetarako.
Horrela, COVID-19agatik hartu beharreko babes neurriek udalei sortutako gastuei aurre egiten lagundu gura diete. Izan ere, huteskundeetako ohiko prestaketa eta antolaketa lanez gain, oraingo honetan bestelako garbiketa eta kudeaketa lanak egin beharko dituzte lekuan lekuko udal langileek. “Besteak beste, erabaki dugu mahaiko 300 eurora igotzea. Hau da, COVID 19-aren kutsadura prebenitzeko higiene eta segurtasun operatiboak eragingo duen aparteko gastua aintzat hartuta”, azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak.
Azaldu duenez, mahaiko 205 euroko zenbatekoa ezartzen zen udalerriko hauteskunde-mahai bakoitzeko hauteskunde-prozesuko gastuak ordaintzeko, (hauteslekuak atontzeko eta garbitzeko, hauteskunde-mahaietako idazmahaiko materialerako, eta boto-kutxak, kabinak eta gainerako materiala muntatzeko, desmuntatzeko eta garraiatzeko….) baina, orain, osasun agintariek aholkatzen dituzten segurtasun eta osasun neurriak hartu behar direnez, ez ohiko gastuak egin beharko dituzte udalek.
Uztailaren 12an 2.677 mahai egongo dira: 1.400 Bizkaian, 851 Gipuzkoan eta 426 Araban. Eta udalek 803.100 euroko gastua egin beharko dutela aurreikusi du Jaurlaritzak.