Patxi Ruizen aldeko mobilizazioekin jarraitzen dute Busturialdean
Gernika-Lumotik hasi eta Bermeorainoko elkartasun martxa egin zuten atzo Busturialdeko zenbait herritarrek. Barikuan Bermeon giza katea egin zuten. Etzi, mobilizazioa deitu dute Gernika-Lumon.
Patxi Ruiz euskal preso politikoari eta borrokan dauden gainontzekoei babesa adierazteko mobilizazio ugari egiten ari dira Busturialdean.
Bariku iluntzean, bermeotarrek, Portuzarrean egindako giza katean parte hartzeko aukera eduki zuten. Atzo, berriz, Gernika-Lumotik hasita, elkartasun martxa egin zuten Busturialdeko hainbat herritarrek. 09:30ean atera ziren Gernikatik eta 13:30 inguru iritsi ziren Bermeora. Portuzarrean amaitu zuten martxa, elkarretaratzea eginez.
Mobilizazioek eguaztenean jarraituko dute. Gernika-Lumoko Eztenak deituta, Ez zauzie bakarrik! Amnistia osoa! lelopean egingo dute mobilizazioa; 20:30ean hasiko dira Merkuriotik.