Olatu laranjagaz bat eginda
Fibrosi Kistiko duten haurrei laguntzeko elkartasun mezuz bete ziren Gernika-Lumoko eta inguruko herrietako kaleak atzo. Batera Gara elkarteak egindako deiari erantzun zioten herritarrek, eta jasotako elkartasun eta esker ona bueltatu diete antolatzaileek.
Olatu laranjagaz bat egin dute herritarrek, eta elkartasunak bete ditu kaleak beste behin. Fibrosi Kistiko duten haurren errealitatea ezagutarazteko eta laguntzeko Batera Gara elkarteak antolatutako elkartasun festa ospatzekoak ziren atzo, baina koronabirusak erangindako egoera dela eta, ezin izan zuten ospakizuna burutu. Hala ere, elkartasun mezuz eta laranja kolorez bete ziren Gernika-Lumoko eta inguruko herrietako kaleak, bai eta sare sozialak ere.
“Ospakizun berezia izan zen. Ez zen jaialdirik egon, baina herritarrak gutaz fidatu dira, eta kaleak laranja kolorez betetzeko deiari ozen erantzun diote. Jendearen elkartasuna izugarria izan da”, adierazi dute elkarteko kideek. Herritarren berotasuna nabaritu zuten atzo, eta erantzunagaz “oso pozik” daudela aitortu dute: “Ez genunen espero horrenbeste jende deialdira batzea, baina, Gernikako leku guztietan ikusi ahal izan genuen laranja kolorea. Erantzuna apartekoa izan da”. Izan ere, elkartasun jaialdirako prestatutako kamisetak jantzita atera ziren asko, eta etxeko leiho eta balkoiak laranjaz bete zituzten beste batzuek. Merkatarien erakusleihoetan ere elkartasuna ikus zitekeen.
Elkartasun jaia Gernika-Lumon ospatu izan da orain arte, baina konfinamenduak ezarritako mugek elkartasuna herritik haratago zabaltzea ekarri zuten. Bizkai guztitik jaso zituzten mezuak, eta asko izan ziren laranjaz jantzitako tokiak: Gautegiz Arteaga, Lekeitio, Bilbo… Sare sozialak ere bete egin ziren: “Bost minuturo elkartasun mezuak jasotzen genituen etxeetatik, parkeetatik, menditik… izugarria izan zen”.
Hala, euren deiagaz bat egin zuten guztiei eskerrak eman gura izan diete, “elkartasuna sekulakoa izan delako”. Kamisetak hartu dituztela azpimarratu dute, eta diru laguntzak ere jaso dituztela esan. Guzti horrek lanean jarraitzeko bultzada ematen die. “Oso eskertuta gaude deialdiagaz bat egin zuten guztiekin, bai eta era batera edo bestera lagundu diguten guztiekin ere”.
Helburuak beteta. Hilabeteetan ilunpeko lana egiten aritu dira antolatzaileak, askotan ikusezina den lana egiten: kamisetak enkargatzen, jaialdia prestatzen, batzuekin eta besteekin hitz egiten… Gero, koronabirusa heldu eta dena geldirik geratu zen. Ez zekiten zer gertatuko zen, eta zer egiteko gai izango ziren.
Pena dute jaialdia egin ez izanaz, baina hasieran ezarritako helburuen erdiak bete dituztela diote. Izan ere, fibrosi kistikoa ezagutarazteko lana egin eta bete dute: “Ez dugu lortu fibrosi kistikoa sufritzen duten umeei diruz laguntzea, baina gaixotasuna ikusaraztearen asmoa bete dugu. Izan ere, atzo kamiseta laranja jantzi zuten guztiek bazekiten zer den fibrosi kistikoa, eta horri zabalkunde hori emateaz harro gaude. Lanaren lan erdia egin dugu”.
Dirua biltzen jarraituko dute, kamiseten fakturak ordaindu behar dituztelako. Hala, elkartasun proiektuagaz bat egiten eta kamisetak jasotzeko aukera izaten jarraituko dute herritarrek, “denbora tarte batean behintzat”. Gero, etenaldia egingo dutela iragarri dute, datorren urteko elkartasun jaiari bestelako bultzada bat emateko. 2021an elkartasun festak Gernika-Lumoko kaleak janztea da asmoa, eta fibrosi kistikoa duten umeei diruz lagundu ahal izatea. “Gure lanean jarraituko dugu”.