Hondartza denboraldia ekainaren 15ean hastea adostu dute
Herritarrek 1,5 m-ko segurtasun tartea bete beharko dute, hondarretan zein uretan. Sorospen postuek protokolo bat edukiko dute, eta banaka sartu beharko da horietara.
Aurreikusita zeukaten moduan, hondartza denboraldia ekainaren 15ean hastea adostu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta hondartzak dituzten udalerriek. Konprimiso hori hartu dute, eta horretarako, osasun agintariek hondartzak segurtasunez erabiltzeko emandako gomendioak aztertzen ari dira. Hain zuzen ere, bihar [maiatzak 26] batzartuko dira berriro, eta udalek aldundiari helaraziko dizkiote ezarritako gomendioak hondartza bakoitzaren berezitasunetara egokitzeko proposamenak.
Aurreko barikuko bileran, hainbat erabaki hartu zituzten. Jakinarazi dutenez, hondartzainek eta sorosleek egoeraren jarraipena egingo dute, hau da, jendearen joan-etorria kontrolatu beharko dute. Gainera, aldundiaren webgunean, BizkaiUp aplikazioan eta hondartzetako bozgorailuetan zabalduko dute unean uneko egoerari buruzko informazioa. Informazio hori udalei ere helaraziko zaiela zehaztu dute, “osasun-agintariek ezarritako gizarte-urruntze hori babesteko beharrezko neurriak har ditzaten”.
Zerbitzu guztiak mantenduko ditu aldundiak, baina, beti ere, COVID-19k sortutako egoerara egokituta. Salbamendu, sorospen eta hondartzainen zerbitzuak ohiko ordutegian mantenduko dituzte: 11:00-20:00.
Aurtengoa ez ohiko denboraldia izango bada ere, 2012ko hondartzen esparru akordioaren arabera egiten duten bezala, aldundiak bere gain hartuko du zerbitzuen kostuak ( horien artean daude garbiketa eta mantenimendua).
Neurriak. Hareatzetako paperontziak kentzea erabaki dut; sarbideetan bakarrik egongo dira. Dutxek aurrez aurreko ihinztagailuak baino ez dituzte izango, posteak berak bereizita, erabiltzaileen arteko distantzia bermatzeko, eta hondartzak garbitzeko lanak areagotuko dira, besteak beste. Herritarrek 1,5 metroko segurtasun tartea bete beharko dute, hondarretan zein uretan. Sorospen postuek protokolo bat izango dute bertan lan egiten duten pertsonen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Banan-banan bakarrik sartu beharko da instalazio horietara.
Bete beharreko neurriak eta emandako gomendioak bozgorailuetatik gogoraraziko dituzte, eta sarbideetan informazio-oholak jarriko dituzte.