Bigarren fasean, astelehenetik aurrera
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak agerraldia egin du Ministroen Kontseiluaren ostean, eta bertan jakinarazi du zein lurralde igaroko diren bigarren fasera. Tabernetara eta jatetxeetara sartu ahal izango da, eta %30eko aforoa izango dute gehienez; hamabost lagun arteko bilerak baimenduta egongo dira. Dena dela, Jaurlaritzak neurri murriztaileagoak ezarri ahal ditu.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa konfinamendua leuntzeko bigarren fasera pasako dira astelehenean [maiatzak 25]. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak agerraldia egin du Ministroen Kontseiluaren ostean, eta bertan jakinarazi du zein lurralde pasako diren bigarren fasera. Jaurlaritzak gerora neurri murriztaileagoak ezarri ahal baditu ere, printzipioz, aldaketak ondokoak izango dira:
- Tabernetara eta jatetxeetara sartu ahal izango da, eta %30eko aforoa izango dute gehienez.
- Hamabost lagun arteko bilerak baimenduta egongo dira -orain hamar artekoak egin daitezke-.
- Zineak, antzokiak, auditorioak, aretoak, museoak… ireki ahalko dira, edukiera %30era mugatuta (Jaurlaritzak esanda dauka ekainaren 1era atzeratu nahi duela neurri hori)
- Gurtza lekuek edukieraren %50 arte betetzeko aukera edukiko dute.