70 urtetik gorako 3.112 pertsona bisitatu ditu Bermeoko Udaltzaingoak
Hain zuzen ere, 2.281 etxebizitzetako ateak jo dituzte, eta beharrizanen bat duten 103 kasu identifikatu dituzte.
Duela zenbait aste Bermeoko Udalak 70 urtetik gorako bermeotarrei zuzendutako programa abiarazi zuen. Programa horren baitan, Udaltzaingoak 3.112 pertsona bisitatu ditu, 2.281 etxebizitza, hain zuzen ere. Horietatik guztietatik 798 bakarrik edo bikotean bizi dira. Informazioa banatu eta laguntza eskaini ostean, beharrizanen bat edo ezer berezirik sumatu duen kasuetan txostena bete du Udaltzaingoak. Guztira, 103 txosten bete dituztela jakinarazi dute, eta horiek Gizarte Ongizaterako Udal Patronatura (GOUP) biderau dituzte. 103 kasu horietatik, 23 identifikatu barik zituen GOUPek.
Arazo horiei irtenbideak emateko GOUPek beharrezko izapideak egin dituela azaldu dute: teleasistentzia botoiaren eskaera, etxez-etxeko zerbitzuaren edo laguntza psikologikoaren beharra…
Udalaren programaren helburua arrisku egoera handiagoan egon daitekeen kolektibo horren egungo egoera aztertzea, jarraipen egokia egitea eta laguntza eta informazioa eskaintzea zen. Gainera, udaltzainek informazio liburuxkak eta maskarak banatu zituzten. 6.000 maskara baino gehiago banatu dituzte 70 urtetik gorako bermeotarren artean.
Herriko udaltzainburu Aritz Floresek esan du herritarrek asko eskertu dute euren laguntza. “Pertsona hauentzako oso garrantzitsua da udala gainean dagoela ikustea”. Denetarik dagoen arrean, kasu gehien-gehienetan “oso ondo” zainduta daude herritar horiek. “Zerbait berezia sumatu dugun kasuetan txostena bete eta GOUPera bideratu dugu”, esan du Floresek. Hala ere, udalaren lana ez dela hor amaitzen esan dute, “jarraipen egokia egingo baitute”.