Daniako puntistak irailaren 15ean itzuliko dira frontoietara
Martxoaren 15era arte jokatutako partiduak kontuan hartuta itxi dute aurtengo denboraldia. Hala, aurrelarien artean, Erik Mendizabal mutrikuarra izan da puntistarik onena.
Kirolarien osasun segurtasuna bermatuz berriro noiz jokatu ahalko duten jakin barik, Floridako Dania Jai Alaiko puntistak eta enpresa akordio batera ailegatu dira: gaurtik [maiatzak 18] aurrera Danian ari diren 36 puntista inguru berriro nomina kobratzen hasi dira, baina irailaren 15era arte ez dira frontoietara itzuliko. “Hau da, udako oporrak amaitu eta gero hasiko dira jokatzen”.
Martxoaren 15ean jokatu zen azken partidua Danian. Bi aste beranduago, puntistak langabezia kobratzen hasi ziren. “Hilabete eta erdi langabezian egon eta gero, puntistak berriro nomina kobratzen hasiko dira. Soldata kobratzen hasteaz batera, kinieletan jokatutako parte proportzionala eta bestelako ordainsariak ere kobratzen hasiko dira”. Dena dela, urte bukaeran puntistek eta enpresak hurrengo lau urteetarako lan hitzarmena adostu beharko dutela gogorarazi dute.
Ohiko egoera batean, ekainaren erdialdera jarduna eteten dute Danian, eta, udako oporrak pasa eta gero, irailaren erdialdera hasten dira berriro ere jokatzen. “Aurten, baina, sei hilabetez Floridan ez da zesta-punta partidurik ikusteko aukerarik egongo (martxoa erdialdetik iraila erdialdera)”.
Puntisten lorpenei dagokienez, martxoaren 15era arte jokatutakoak hartu dituzte kontuan. Eta horren arabera, aurrelarien artean, Erik Mendizabal puntista mutrikuarra izan da onena; atzelarietan Ladutxe izan da onena.
Kiniela gehien irabazi dutenak:
1- Erik Mendizabal: 100 garaipen
2- Manu Ladutxe: 95
3- Xabi Barandika: 70
4- Ekaitz Mendizabal Goxerri: 64
5- Endika Madarieta Elgezabal: 59
Bakarkako txapelketak:
1- Erik Mendizabal: 21 garaipen
2- Iñigo Gorostola Arrieta: 16
3- Xabi Barandika: 11
Binakako txapelketak (aurrelariak):
1- Erik Mendizabal: 15 garaipen
2- Asier Elesgarai Beitia: 12
3- Xabi Barandika: 11
Binakako txapelketak (atzelariak):
1- Manu Ladutxe: 13 garaipen
2- Unai Lekerikabeaskoa Leke: 11
3- Eñaut Salegi: 9