Berritasunekin zabalduko dute bihar Gernika-Lumoko kultur etxea
Egoera berrietara egokiu dira, erabiltzaileengana hurbiltzea erraztuko duten zerbitzu eta aukera berriak eskainiz.
Koronabirusaren krisiak ezarritako itxieraren ostean, bihar irekiko dute Gernika-Lumoko kultur etxea. Berritasunekin zabalduko ditu ateak, erabiltzaileengana hurbiltzeko zerbitzu eta aukera berriak ezarriko dituzte-eta.
Liburutegia, musika eskola, erakusketa aretoa eta gazteentzako informazio bulegoa dira erabilgarri egongo diren guneak, 9:00etatik 14:00etara bitartean. Espazio horiek prestatu eta egokitu egin dituzte, egoerari dagokion segurtasuna bermatzeko eta osasun neurriak errespetatzeko: edukieren kontrola, segurtasun distantzia edota manparen erabilera bultzatu dituzte, besteak beste. Hala, datorren barikutik aurrera, gernikarrek liburuak, dvdak… maileguan hartu ahalko dituzte, gero horietaz gozatzeko.
Gainerako zerbitzuak, hala nola, estudioa, aretoko kontsulta, ordenagailuen erabilera, kultur jarduerak eta abar, baztertu egingo dira normaltasunera itzultzea posible izan arte.
Zerbitzu berriak. Itxialdian, baina, egoera berrietara egokitzen ahalegindu dira udal arduradunak: “Ez dugu denborarik galdu. Tarte honetan, egoera berrietara egokitzen saiatu gara, erabiltzaileengana hurbiltzea erraztuko duten zerbitzu eta aukera berriei balioa emanez”.
Hori horrela, “datozen egunetan” maileguan hartutakoak itzultzeko postontzia jarriko dute, urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan erabilgarri egongo dena. Liburutegiaren kasuan, erabiltzaileek konfinamendu aldian entregatu ezin izan zituzten dokumentuak itzuli ahal izango dituzte, eta bertan hamabostaldian gordeta izango dituzte, berriro maileguan eskaini aurretik.
Erabiltzaileekiko harremanak “bezeroen neurrira” egokitu gura dituzte udal arduradunek. Hala, Whatsapp zenbaki bat jarriko dute martxan (630 07 16 81), liburutegian egingo diren berrikuntzen, zerbitzuen, maileguen edo jardueren berri zuzenean eman ahal izateko. Halaber, liburutegira pertsonak gerturatu ezin direnentzako etxeko mailegu zerbitzua abiaraztea ere aurreikusi dute.
Gainera, Gazte Informazio Bulegoak, Gaztedi Busturialdearekin lankidetzan, hainbat diziplina barne hartzen dituen prestakuntza programa bat jarri duela abian jakinarazi dute; zeinu-mintzaira edo psikomotrizitateari buruzko saioak dira emango dituztenak.