Aldundiak 1.600.000 euro bideratuko ditu nekazaritza, ingurumen eta klima arloetara
Beren ustiapenetan nekazaritzako, ingurumeneko eta klimaren arloko konpromisoak beren borondatez sinatzen dituzten eta nekazaritza ekologikoko jardunbideak eta metodoak hartzeko edo mantentzeko konpromisoa hartzen duten nekazariak dira onuradunak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak nekazaritza, ingurumen eta klimaren eta nekazaritza ekologikoaren arloetako neurriak onartu ditu, eta 1.600.000 euro bideratuko ditu arlo horiek sustatzeko. Laguntza horien %75 Europar Batasunak finantzatuta dago, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez.
Diru laguntza horien bitartez, laguntza eman nahi diete beren ustiapenetan nekazaritzako, ingurumeneko eta klimaren arloan ezarritako konpromisoak baino konpromiso zorrotzagoak beren borondatez sinatzen dituztenei. Baita ere nekazaritza ekologikoko jardunbideak eta metodoak hartzeko edo mantentzeko konpromisoa hartzen duten nekazariei.
Laguntza horien helburuak dira, halaber, landa eta nekazaritza paisaiaren kontserbazioa, hobekuntza eta dibertsifikazioa bultzatzea; biodibertsitateari onura dakarkioten eta ingurumena nahiz animalien ongizatea errespetatzen duten ekoizpen sistemak eta jarduteko erak sustatzea alegia.
Gainera, nekazaritzako berotegi gasen eta amoniakoaren isurpena murriztea bultzatu gura dute, baita uraren eta lurzoruaren kudeaketa hobetu, eta, nekazaritzan eta basogintzan, karbonoaren atzematea sustatzea. Laguntzekin nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan sortzen diren azpiproduktuak kudeatzea eta balioztatzea ere bilatu dute.
Diru laguntza horiekin, jarduera hauek finantzatuko dituzte: higadura genetikoaren arriskupean dauden Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako sagardotarako sagarren tokiko barietateen kontserbazioa, tokiko abere arrazen kontserbazioa, erlezaintza, mendiko larreen aprobetxamenduaren kudeaketa, nekazaritza ekologikora aldatzea eta nekazaritza ekologikoa mantentzea. Nekazaritza ekologikoari dagokionez, diruz lagunduko dira nekazaritzako ustiategietan nekazaritza ekologikoa ekoizten hastea, eta mota horretako praktikak eta metodoak mantentzea.