Jarduera lehengoratu dute Bermeoko eta Gautegiz-Arteagako Garbiguneetan
Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Garbigune mugikorrak ere maiatzaren amaieran hasiko dira zerbitzua ematen.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Bizkaiko Garbiguneen sare osoa zabalik dago astelehenetik [maiatzak 18]. Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz ezarritako murrizketak direla eta Bizkaiko Garbigune nagusiak (Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Durango, Barakaldo, Basauri, Erandio, Getxo, Gueñes eta Igorre) mantendu dira soilik zabalik, “gremioek obretako hondakinak bertan uzten jarraitu ahal izateko”. Orain baina, alarma egoerak ezarritako murrizketak malgutzearekin batera, gainontzeko instalazioak ere zabaltzea erabaki dute, tartean, Bermeokoa eta Gautegiz-Arteagakoa.
Bermeokoaz eta Gautegiz-Arteagakoaz gain, beste hamabi instalazio ere zabaldu dituzte: Amoroto, Urduña, Zornotza, Zalla, Karrantza, Muskiz, Santurtzi, Sestao, Derio, Mungia, Bakio eta Sopela. Hamalau Garbigune horiek, oraingoz, astelehenetik barikura egongo dira zabalik, ohiko ordutegian: 09:00etatik 13:25era eta 15:30etik 18:00etara. “Ekainaren erdialdetik aurrera asteburuetan ere zerbitzua berrezartzea aurreikusten da”.
Aldundiak gaineratu duenez, hilabete honen azken astean Garbigune mugikorrak ere martxan ipiniko dituzte, hasiera batean ezarritako maiztasun beragaz. “Bizkaiko udalerrietan barrena ibiliko dira berriro, birziklatzea sustatzeko eta birziklatzearen ohitura hori herritarrengana hurbiltzeko”.
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, bestalde, bolumen handiko hondakinak biltzeko zerbitzua martxan da berriz. Hondakinak martitzen iluntzeetan atara ahalko dira. Hori bai, gogorarazi dutenez, hondakinak atara aurretik derrigorrezkoa da 94-612 11 77 telefono zenbakira deitzea.