Foruarrek etxean hartu ditzakete liburuak
Lehenengo fasea amaitu bitartean, liburutegitik etxerako zerbitzua martxan ipini du udalak
Liburutegitik Etxera ekimena martxan ipini du Foruko Udalak. Hala, lehenengo fasea amaitu bitartean, eskariak egin ditzakete foruarrek, eta etxean hartuko dituzte liburuak. J.M. Torrealdai Kultur Etxean egin daitezke eskariak, astelehenetik eguenera, 17:00etatik 20:00etara. Telefonoz (94 625 45 74), whatsAppez (688 866 889) edo email bidez (liburutegi.forua@bizkaia.org) eskatu daitezke irakurgaiak.
Eskariak egin ostean, etxez etxeko banaketa egingo dute barikuetan, 17:00etatik 20:00ak bitartean.
Maileguak egiteko mugak zehaztu dituzte. Hala, nagusiek gehienez 3 mailegu egin ditzakete, eta horietatik bakarra izan daiteke erosi berria. Umeen kasuan, gehienez 5 liburu eskatu ditzakete. Maileguan hartutako liburuak ekainaren 1etik aurrera bueltatu beharko dira, kultur etxean bertan.