Erkidego osoa bigarren fasera pasatzeko eskaria egin du Jaurlaritzak
Espainiako Osasun Ministerioari bidalitako txostenean, besteak beste, proposatu dio tabernen eta jatetxeen barrualdean ere % 50eko edukiera baimentzea, mahaien artean 2 metroko distantzia utzita.
Eusko Jaurlaritzak bere proposamena bidali zion atzo Espainiako Osasun Ministerioari. Iñigo Urkullu Lehendakaria buru den “Bizi Berri” planaren arabera bigarren fasera pasatzeko eskaria egin du Jaurlaritzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa eta asistentziala ona dela eta zaintza- eta kontrol-neurriak hartzen ari direla argudiatu dute Madrilera igorritako txostenean.
Gaurko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Espainiako Osasun Ministerioara bidalitako proposamenaren edukia azaldu dute Nekane Murga Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak.
“Zerra-hortzak gorabehera”, datuek joera positiboa erakusten dutela adierazi du Murgak: “Euskadin gero eta test gehiago egiten ditugu, kasu berri gutxiago hautematen dira, kasu berrien jarraipena plana martxan dago eta pixkanaka jarduera asistentziala berreskuratzen ari gara. Egoera, beraz, hobea da; tendentzia positiboa da. Euskadi pixkanaka aurrera egiteko prest dagoela uste dugu. Bigarren fasean COVID gabeko ospitale gehiago egoteko lan egingo dugu”. Epidemiarako Zaintza eta Kontrol Planaren helburua kasu berriak garaiz identifikatzea, hauen eta kontaktu estuen jarraipena egitea, eta pandemiaren ibilbidea monitorizatzea dela gogora ekarri du sailburuak.
Nabarmendu du erkidegoak arlo epidemiologikoan eta asistentzian duen gaitasuna “oso garrantzitsua” dela, eta honako datuak eman ditu: 10.000 biztanleko ZIUko 2,8 oheko tasa edo 38,9 ospitaleratze-oheko tasa du; milioi biztanleko 73.900 PCR test baino gehiago egin dira (maiatzaren 16an). “Horrek Euskadi Europako batez bestekoaren gainetik kokatzen du; Euskadiko R0 indizea bataren azpitik dago eta, maiatzaren aste batetik bestera, kasu berrien kopurua heren bat jaitsi da”, argudiatu du.
Bestalde, Tapia sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza alde biko lanean ari da lehen fasetik 2. faserako bilakaeran, eta Espainiak probintzia eta lurralde guztietarako ezarriko dituen behin betiko baldintzak oraindik ezagutzen ez diren arren, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko helarazi dizkio Espainiako Gobernuari datorren astelehenean [maiatzak 25], hasiko den 2. faserako egokiak iruditzen zaizkion ezaugarri eta neurriak. Momentuz ez dute jaso Espainiako Gobernuaren erantzunik.
Hamar proposamen zerrendatu ditu Tapiak:
- Gune itxi guztietan eta 2 metroko distantzia gorde ezin den lekuetan maskarak erabiltzeko gomendatzea. (Merkataritza-guneak, dendak,…)
- Kultura- eta aisialdi-jarduerak:
- Espazio itxietan, edukiera % 50ekoa izango da: museoak, kultur etxeak, antzokiak, zinemak, etab.
- Espazio irekietan, 500 lagunentzako edukiera izango da gehienez ere; publikoa eserita egongo da, eta distantziak zein gainerako segurtasun-neurriak bermatuko dira.
- Kultura jarduerak ekainaren 1etik aurrera hasiko dira programatzen
- Ostalaritzan eta jatetxeetan % 50eko edukiera barrualdean, eta terrazetan mahaien edo mahi multzoen artean 2 metroko distantzia bermatzea. Zerbitzua, beti, eserita.
- Denda eta merkataritza-gunetan % 50eko edukiera, maskara erabiltzea gomendatuz.
- Turismoa: Turismo aktiboa eta natura-turismoa (mendi-ibiliak), enpresa bitartekari bat erabiltzeko obligaziorik gabe zabaltzea.
- Etxebizitza pribatutan eta espazio pribatutan bilerak egiteko azalpenak.
- Hezkuntza, maiatzaren 25etik aurrera hezkuntza-jarduera presentziala hastea:
- DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailetako, eta Lanbide Heziketako gradu guztietako 1. eta 2. mailetako ikasleen hezkuntza-jarduera presentziala.
- Egoitzak: Zentro soziosanitariotan bizi diren pertsonak bisitatzen uztea. Pertsona eta egun bakoitzeko bisita bat, gutxienez, bermatzeko gomendatzea, baina egoera baloratuz, eta pertsona bakoitzaren beharrak eta zentroko egoiliar guztien segurtasuna lehenetsiz.
- Azoka-esparruak eta antzekoak: urruntze sozialeko neurriak errespetatuz sartzeko probak eta azterketak egiteko zabaltzea.
- Hezkuntza pribatuan, adibidez, Euskaltegietan, hizkuntza-eskoletan eta akademietan ikastegietako ikasgelatan edukiera mugatuarekin, urruntze sozialeko neurriekin eta higiene-neurriekin jarduerara itzultzeko aukera. Euskara-mailak frogatzeko azterketak egitea (HABE).