Datu ofizialen arabera, azken bost egunetan positibo bakarra egon da Busturialdean
Maiatzaren 14tik 18ra Gernika-Lumon egon da positibo bakarra. Busturialdean 356 herritarrek eman dute positibo Koronabirusaren proban.
Datuen bilakaera positiboari eusten jarraitzen du Busturialdeak. Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailaren datuen arabera, azken bost egunetan positibo bakarra egon da eskualdean; Gernika-Lumon eman zen positibo hori maiatzaren 14an (eguena). Hain zuzen, maiatzaren 14tik eguneroko datuen buletina moldatu dute, eta orain positiboak baino ez dituzte jasotzen (lehen udalerri guztiak zerrendatuta agertzen ziren, bakoitzean zeuden positiboak zehaztuta).
Gaur gaurkoz, 356 kasu positibo daude Busturialdean: Bermeon 138, Gernika-Lumon 87, Mundakan 49, Busturian 43, Elantxoben eta Foruan bosna, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun launa, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan, Muxikan, Nabarnizen eta Sukarrietan bina eta Ereñon eta Errigoitin bana.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu orokorrei dagokienez, 18 896 pertsonak eman dute positibo, horietatik 7.531 pertsonak Bizkaian.
166.314 PCR proba eta 97.737 test azkar egin zaizkie 144.782 pertsonari. Atzo 5.276 proba egin zituzten (2.859 PCR eta 2.417 test azkar), eta PCR bidez baieztatutako 15 positibo berri egon ziren (12 Bizkaian eta 3 Araban). Test azkarrenetan 143 positibo zenbatu zituzten (proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete).
Orain arte 1.470 pertsona hil dira Koronabirusagatik( atzo 3), eta 45 pertsona daude ZIUetan.