15 milioi euro gehiago, turismoari eta merkataritzari laguntzeko
15 milioi euroko zuzkidura duen COVID-19 Ezohiko Laguntzen Programa onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak izango dira onuradunak.
Sonia Perez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak COVID-19 Ezohiko Laguntzen Programa aurkeztu du gaurko [maiatzak 19] Gobernu Kontseiluaren ondoren. Programak 15 milioi euroko zuzkidura du: 7,5 milioi euro izango dira turismorako eta 7,5 miloi euro merkataritzara bideratuko dira.
Jarduera nagusi gisa turismoa edo merkataritza duten eta osasun-alarma egoeran jarduera erabat eten behar izan duten edota salmentetan %75 baino gehiagoko beherakada jasan duten autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak izango dira onuradunak. Sailburuak azaldu duenez, laguntzak aurkeztutako gastuaren %100 estaliko du eta enpresa bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 3.000 eurokoa izango da.
Pandemiaren hedaduraren berehalako ondorioak kontuan hartuta, “beharrezkoa” dela esan du, euskal turismo eta merkataritza-sektoreari bizirauten laguntzeko zuzeneko diru-laguntzen lerro bat ezartzea: “Helburua inpaktua txikiagotzeko babesa eta euskarria ematea da”.
Hipoteka-maileguen kuotak, establezimenduaren alokairuak, osasun-alarma indarrean jarri aurretik eskuratutako stockaren gastuak, jarduera itxita egon den aldian eragindako gastu arruntak eta finantzaketa kuotak ordaintzeko izango dira laguntzak, eta sailburuak azpimarratu duenez, laguntza horiek bateragarriak dira beste edozein diru-laguntzarekin.