Mendekotasunaren arretako zerbitzuetan eman diren murrizketak salatu dituzte pentsiodunek
COVID-19ari aurre egiteko neurri gehiago eskatu dituzte Busturialdeko pentsiodunek. Astelehenetan berriro elkartzen hasiko dira, 12:00etan Gernikako Foruen plazan.
Kalera atera dira pentsiodunak. Bi hilabeteko konfinamenduan zehar, leiho eta balkoietatik mobilizatu ostean, kalera atera dituzte euren aldarriak. Gernika-Lumoko Foruen plazan elkartu dira Busturialdeko pentsiodunak, eta euren haserrea agertu dute pandemiak adineko pertsonengan eta pentsiodunengan eragin dituen ondorioengatik. Berriro elkartzen hasiko dira, 12:00etan Gernikako Foruen plazan.
Mendekotasunaren arretarako zerbitzuetan eman diren murrizketak salatu dituzte, eta zerbitzu publiko hori pribatizatzeko egon den joera salatu dute: “Pentsiodunok urteak daramatzagu salatzen mendekotasunaren arretarako sisteman izandako murrizketak. Zerbitzu Publiko bat pribatizatzeko joera inposatu digute. Lege bidez ere, eskubide unibertsal eta subjektiboa izan behar zuena, ez da horrela izan, eta, gaur egun ere, ez da horrela”. Pandemiaren aurretik “eskasa” zela mendekotasuna zuten adinekoei etxean ematen zitzaien arreta eta adinekoen egoitzetan bizi direnek jasotzen zutena adierazi dute, eta pandemiak errealitate “gordin” hori azaleratu baino ez duela egin uste dute.
Mendekotasunaren arretarako zerbitzuen ardura foru aldundiena dela diote, baina, zahar egoitza pribatuen zein itunpekoen jabe edo kudeatzaile diren patronalen “erantzukizunen larritasuna” ere agerian utzi dute: “Iragarritako drama baten kronika izan da”.
Izan ere, lurraldeko zaharren egoitzetan, maiatzaren lehen hamabostaldian, beste 32 egoiliar hil dira eta beste bi zendu dira koronabirusagaz zerikusia duten sintomekin. Denetara, 279 lagun hil dira Bizkaiko egoitzetan COVID-19aren proban positibo eman ostean, eta beste 32 heriotza susmopean daude. Une honetan, 433 egoiliar daude gaixo: horietatik 31 ospitaleratuta. “Badakigu horietako gehienak bakardade osoan hil direla, haien hurbilekoen azken agurraren kontsolamendurik barik”, ozen esan dute pentsiodunek.
Osasun arloko profesionalen lana ere “muturrekoa” izan dela adierazi dute: “Egoera hori ere pribatizazio politiken eta azken urteetan izan den lanpostu murrizketen ondorioa da”. Hala, euren haserrea adierazi dute, profesionalek muturreko egoera horri aurre egin behar izan diotelako. Lan-baldintza egokiak eskatu dituzte eurentzat, “lana duintasunez eta profesionaltasunez egin ahal izan dezaten”.
Eskaerak. Hori horrela, premiazko neurriak hartzeko eskatu diote Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiari, beste behin. “Duela pare bat aste, premiazko neurriak hartzeko eskatu genion. Eskatu genion pandemia geldiarazteko eta sendabidean jartzeko behar ziren prebentzio eta sendatze bitarteko guztiak hartzea eta egoitzetako erabiltzaile eta langileen beharrizanak asetzea”, azaldu dute. Idazki horretan, gainera, gizarteari zor zitzaion informazioa ezagutarazteko eskatu zioten: egoitzen eta etxez etxeko laguntzaren egoera egiazkoa eta objektiboa; egoiliarren eta langileen osasuna bermatzeko hartutako neurriak, eta zerbitzu publikoa negozio pribatu bihurtu duen eredu baten gabeziei aurre egiteko eta horiek konpontzeko aurreikusitako planak.
Ez zuten erantzunik jaso, eta COVID-19arekin gertatutakoa “berriro errepika ez dadin” neurriak hartzeko eskatu dute berriro. Hala, kalean jarrituko dute, pentsio publiko duinen sistema publikoa, zerbitzu publiko unibertsala eta mendekotasunaren arretarako zerbitzu soziosanitarioen sare publikoa defendatzen. “Ez dugu onartuko urteetako lan eta borrokaren bidez lortutako guztia, pikutara joatea”.
Pentsiodunen berbetan, arreta egoitzek eta etxez etxeko laguntza zerbitzuek 180 graduko aldaketa behar dute, “langileek, senideek, sindikatuek eta pentsiodunen elkarteek aspalditik eskatzen duten bezala”.
Euren esanetan, lehentasun politikoak ez daude pertsonen eta zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoen garapenean oinarrituta: “Bizi baldintza duinak izatea ez dago politika publikoen erdigunean. Adinekook, eskubide guztiak eta berezko beharrak dituzten pertsonak gara, eta ezin dira alde batera utzi. Ezin dugu onartu, gure behar eta eskubideekin negozioa egiten jarraitzea eta bitartean gure ingurunetik urrun dauden zentroetan ezkutatzea”.