Zaintza eta kontrol plana jarri du martxan osasun sailak
COVID-19aren sintomak dituzten pertsona guztiei PCR proba egitea aurreikusten du. Osasun Sailak eta Osakidetzak familian eta komunitatean adituak diren erizaintzako 150 profesional inguru prestatuko dituzte.
Eusko Jaurlaritzako osasun sailak zaintza eta kontrol plana abiatu du deseskalada faserako. Hori horrela, COVID-19aren sintomak dituzten pertsona guztiei PCR proba egitea aurreikusten dute. Eta, horretarako, familian eta komunitatean adituak diren erizaintzako 150 profesional inguru prestatuko dituzte.
Gaur goizean aurkeztu du plana Nekane Murga sailburuak Ignacio Garitano epidemiologoagaz eta pandemia garatzen duen profesional-taldeko koordinatzaileagaz batera.
Plan honen helburuak dira COVID-19 kasuak goiz detektatzeko sistema bat ezartzea, kasuen eta horien kontaktu estuen jarraipena egitea ikuspegi kliniko eta epidemiologikotik, eta pandemiaren bilakaera monitorizatzea. Hori guztia, kasuak ahalik eta gutxien transmititzeko egingo dute. Baita ere kasuak taldeka aztertzeko bai komunitatean, bai zentro soziosanitarioetan, zein erakunde itxietan.
Sailburuak azaldu duenez, plana lehen mailako arretan oinarritzen da, eta batez ere erizaintzako taldeak egin beharko ditu probak. Hala, erizainen taldea indartuko dute, eta lehen mailako arretan eta osasun publikoan eskumenak dituzten familiako eta komunitateko 34 erizain espezialista kontratatuko dituzte. Aurreikuspenen arabera, erizaintzako 150 profesional inguruk izango dute zeregin horretarako behar den prestakuntza. Gainera, ospitaleetako prebentzio-medikuntzako zerbitzuen eta osasun-zentroetako lan-osasuneko unitateen laguntza izango dute, baita Osalanena ere, “lan-eremuan gertatzen diren kasuetarako”.
Plan honetan jasotako jarduera-protokoloak honako hau dakar:
- COVID-19agaz bateragarriak diren sintomak dituen edonori berehala eskatuko zaio PCR bat, eta etxean isolatzeko aginduko zaio emaitza jakin arte. Norbaitek sintomak badauzka osasun-zentrora deitu beharko du hitzordua hartzeko eta etxean egon beharko du PCR proba egin eta emaitza jaso bitartean
- Emaitza positiboa izanez gero, kasua aztertu eta harreman estuak izango dituzte lehen mailako arretako erizainekin.
Kasuen eta kontaktuen azterketa Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako GO.DATA aplikazioaren bidez egiten da. Osasun Saila eta Osakidetza aplikazio hori erabiltzen ari dira dagoeneko.