Erakusketa birtuala prestatu dute Museoen Nazioarteko Egunerako
30 artelan baino gehiago egongo dira herritarren eskura www.museoeneguna.eus webgunean.
Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta, urtero legez, Bizkaiko museoek egun hori ospatuko dute, “aurten modu berezian”. Hori horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak erakusketa birtual bat antolatu du, lurraldeko museo bakoitzaren pieza enblematiko, esanguratsu eta garrantzitsuenetako batzuk bilduz.
Hogeita hamar museok baino gehiagok parte hartu erakusketa birtuala osatzeko, eta museo bakoitzeko artelanak www.museoeneguna.eus plataformaren bidez ikusi ahalko dira maiatzaren 18tik hilaren amaierara arte. Bisitaria erakusketa osatzen duten piezen multzora sartu ahal izango da, eta lanei buruzko informazioa eskuratu ahalko du. Ikus-entzunezko hainbat baliabide eskuratzeko aukera ere badago, aukeratutako piezak zehatzago ezagutu ahal izateko.
Aukera “paregabea”. Erakusketa birtuala ikasteko eta historia ezagutzeko aukera “paregabea” dela diote arduradunek: “Aukera paregabea da lurraldeko museoetako altxorrak bisitatzeko, eta lan horien bidez gure historiaren, tradizioaren, ohituren, aisiaren, kulturaren, sinesmenen, ekonomiaren, artearen eta kirolaren alderdiak ezagutzeko”.
Erakusketak antzinako hainbat osagai biltzen ditu, gai askori buruz hitz egiten dutenak: Bizkaiko lehen biztanleak, lanbideak, arrantza, errementaritza, meatzaritza, ontzioletako lana eta jarduera industrialagoak… Piezek gerraz eta bakeaz hitz egiten dute, baita landa-guneetako bizitzaz eta herribildu eta hirietako bizitzaz ere. “Eta, jakina, euskarari buruz ere”.
Bizkaiko Foru Aldundiak eskerrak eman nahi dizkie ekitaldian parte hartu duten museo guztiei, “proiektua posible egiteagatik”. Aldi berean, foru erakundeak herritar guztiak gonbidatzen ditu lurraldeko museoek gordetzen dituzten altxorrak bisitatzera.