Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor kontzertu zikloa bertan behera uztea erabaki dute
Edukieraren arazoaz gain, nazioarteko bidaien arazoa ere badagoela diote antolatzaileek. Aurten, 15 kontzertu zeukaten aurreikusita, eta hiru udalerri berri gehituta zeuden egitaraura: Ereño, Elantxobe eta Murueta.
Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duen organoen kontzertu zikloa uztailaren 11n hastekoa zen, eta abuztuaren 15ean amaitu behar zen: kontzertu zikloen 17. aldia izan behar zen aurten. “Printzipioz, eta dena ondo badoa, data horietan normaltasun berrian egongo bagara ere, ezinezkoa ikusten da jaialdia egitea”, azaldu dute antolatzaileek. “Azken urteetan, jaialdia Bizkaiko udako egutegiaren barruan kultur hitzordu garrantzitsuenetariko bat izan da, eta pena handiz, programazioa bertan behera utzi behar izan dugu”.
Edukieraren arazoaz gain, nazioarteko bidaien arazoa ere badagoela diote. Izan ere, parte hartzaile asko nazioartetik etorritakoak izaten dira, eta horien parte hartzea ezin daiteke egiaztatu. Guztira, 15 kontzertu zeukaten aurreikusita. Aurten, gainera, hiru udalerri berri gehituta zeuden egitaraura: Ereño, Elantxobe eta Murueta. Azaldu dutenez, aurtengo programazioaren beste berrikuntzetako bat Lumoko San Pedro elizako organo zaharberritua ikusi eta entzuteko aukera izatea zen. “Zoritxarrez, datorren urtera arte itxaron beharko du”, azaldu dute antolatzaileek.
Datorren urtera begira, Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor kontzertu zikloagaz jarraitzea dute helburu, “arrakastatsua izaten baita”.
Azaldu dutenez, aipatu jaialdiari esker, Busturialdea-Urdaibaik, Bizkaiak eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoak organo-musikaren kultura berreskuratu dute eremu geografiko garrantzitsu batean; “kultura horrek, zalantzarik gabe, koronabirusak eragindako galerak arintzeko bultzada nabarmena beharko du eta ezohiko neurriak hartu beharko dira etorkizunean”.