Muxikako Udalak herritarrentzako laguntzak onartu ditu
Egungo egoerak ekonomikoki kaltetu dituen familiak, autonomoak eta ostalariak diruz laguntzea erabaki dute aho batez, gaur egin duten osoko bilkuran.
COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoari aurre egiteko neurri ekonomikoak hartzea erabaki dute ahoz batez, Muxikako Udalean gaur egin duten osoko bilkuran. “Bizi dugun egoeraren ondorioz, udalerriko zenbait familiek eta hainbat ostalarik eta autonomok izugarrizko galerak jasan dituzte, euren jarduerak eten edo murriztu egin behar izan dituztelako. Galera horiek zelanbait aritzeko hartu ditugu neurriak”.
29.000 euroko partida bideratuko dituzte ostalaritza establezimenduei, autonomoei eta beste jarduera batzuei laguntzeko. Halaber, autonomo eta ostalarien jarduera etenik eduki duten epe horretan zabor eta uraren tasak itzultzea erabaki dute, horrela eskatzen duten ostalati eta autonomo kaltetuei.
Bestalde, Familiei laguntza humanitarioa partida sortu dute ekonomikoki kaltetu diren familientzat, eta 2.000-6.000 euro bitartean bideratuko dituzte, beharrizan eta eskarien arabera: “Diru laguntza nominatiboa izango da. Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatzen dituen diru laguntzen osagarri modura”, azaldu dute.
Horrez gain, Trakzio Mekanikadun Ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko epea atzeratzea erabaki dute gaurko osoko bilkuran. Hain zuzen, ordainketa egiteko azken eguna ekainaren 15ean izan beharrean, irailaren 15ean izango da.