Ikastetxeen irekiera maiatzaren 25era atzeratu du Eusko Jaurlaritzak
Madrildik jaso behar zuten zehazketa juridikoa jaso ez dutelako erabaki dute ikastetxeetarako itzulera atzeratzea.
Eskolen irekiera maiatzaren 18rako zegoen zehaztuta, baina hasieran finkatutako data hori atzeratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Madrildik jaso behar zuten zehazketa juridikoa jaso ez dutelako. Beraz, maiatzaren 25etik aurrera zabaltzeko aukera dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ikastetxeek.
Itzulera DBH 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat zegoen aurreikusita. Ikastetxeen irekiera, baina, borondatezkoa izango da, eta ikastetxe bakoitzak hartu beharko du erabakia. Hala jakinarazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur: “Eskola komunitatean arazo gehiago ez sortzearren, argitasuna eta segurtasuna emateko asmoz, eta kontutan hartuta oraindik ez dugula Madrildik jaso beharreko zehazketa juridikoa jaso, erabaki dugu maiatzaren 25ean hasiko dela eskoletara itzultzeko dinamika guztia”.
Erkoreak adierazi du egokia dela ikasgelen irekiera atzeratzea: “Nahiago dugu hasierako proposamena astebete atzeratu, eta datorren astean lasaitasun handiagoarekin ibili, eskolen itzulera patxadaz antolatzeko”. Bozeramaileak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak argitu ez dituen “zalantza juridikoak” daude oraindik.
Izan ere, hasierako alarma egoerak ez zuen aukera hori aurreikusten, eta gerora ezarri zuten autonomia-erkidegoekin negoziatu beharra dagoela. Erkorekaren esanetan, maiatzaren 9an, Espainiako Gobernuak agindua eman zuen autonomia erkidego bakoitzarekin adostutakoa zehazteko, eta Euskal Autonomia Erkidegoak ahalmena du erregimen berezia bi arlotan ezartzeko: joan etorrien askatasunean, eta kultura, aisialdi eta kirolean. Hezkuntzan, baina, ez dago argi: “Hezkuntza-arloan Espainiako Gobernuarekin adostutakoak ez du ekarri oraindik arau juridiko argi, bideragarri eta ulergarririk. Akordioa egon badago, baina ez dago zehaztuta Euskadiren planteamendu espezifikoak zein irismen izan dezakeen, ez eta horren baldintzak zeintzuk izan behar diren”.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, bere aldetik, gutun bat bidali die ikastetxeei. Bertan jasotzen denez, Jaurlaritzako Hezkuntza Saila Espainiako Gobernuak onartutako proposamen bat lantzen aritu da azken egunetan Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezkuntzako eragileekin. Proposamenagaz bat egin dute, baina Espainiako Gobernuaren aldetik proposamenaren arautze juridikoa behar dutela jakinarazi du. “Eusko Jaurlaritzak ez du hezkuntza komunitatea tentsioan eta zain eduki nahi datozen egunotan”, jakinarazi die ikastetxeei, eta, horrenbestean, eragileekin bilerak egiten eta lanean jarrituko dutela esan die, “maiatzaren 25ean aurreikusitako ikasleak ikasgeletara bueltatzeko.
Lan talde bat. Beste alde batetik, autonomia erkidegoetako ordezkariak Isabel Zelaa Espainiako hekuntza ministroagaz batu dira gaur. Lan talde bat osatzea adostuu dute, irailean ikasgeletara zelan itzuli prestatzeko.
Bertan, pandemiaren eboluzioan hiru egoera nagusi egon daitezkeela aurreikusi dituzte: eskola jarduera normaltasunez hasteko aukera egotea, osasun distantzia mantentzea beharrezkoa izatea edota berragertze baten ondorioz ikastetxeak berriro itxi behar izatea. Hala, beharrezkoa izango dela curriculumak eta mailetako, arloetako eta ikasgaietako programazioak egokitzea uste dute, “arreta berezia emateko ezinbesteko konpetentziei, eta aurrez aurreko jarduera bertan behera gelditzeak eragindako galerak berreskuratzeko”.
Uda aurretik, gainera, dokumentu bat egiteko konpromisoa hartu dute, ikasturteko orientazioekin. Gomendio horiekin, autonomia erkidegoek eta ikastetxeek euren kontingentzia planak diseinatu beharko dituzte, “hezkuntza jarduera bermatzeko”.