Erruduntasuna, beldurra eta bakardadea
Umeek konfinamendua nola bizi duten ikertzeko haiei zuzendutako galdetegia prestatu dute. Lau planotan banatu dute: fisikoa, soziala, emozionala eta akademikoa.
Pandemia egoera honetan errudun sentitzen dira umeak. Hori da diskurtsoa. Idoiagak azaldu legez, «hasieratik esan zaie etxean geratu behar direla, koronabirusa zabaldu zezaketelako eta ingurukoak kutsatu. Gehienok erabili dugun adibidea izan da aitite eta amumarentzat larria izan daitekeela, eta hori barneratu egin dute».
Erabateko konfinamenduan erantzun dute inkesta, eta batzuek beldurra ere adierazi dute kalera urtetako, koronabirusa kalean dagoelako. «Umeek diskurtsoa zuzenean entzuten dute, filtrorik gabe. Ume askok esan digute aitite eta amuma faltan botatzen dituztela baina haiek kutsatzeko beldur direla. Umeak etxean sartzeko neurri hain zorrotzak, Europan bakarra, izan duen justifikazioa izan da birusaren zabalkundea geratzearena. Baina horrek lanketa bat eskatzen du, ume bat ez delako sekula errudun izango inguruko denak kutsatzen badira ere. Hori argi itzi behar zaie, gaixotasun bat dela eta ez dela inoren errua».
Galdetegi berezia prestatu zuten, umeei zuzenduta. Batetik, gurasoentzako galdetegia, eta bestetik, umeei eskatu zieten bi irudi egiteko: etxean zer egiten duten eta faltan zer botatzen duten irudikatzeko. «Irudiek gauza berriak erakutsi dizkigute. Batzuetan agertzen dira umeak kartzela antzeko batean. Egin nahi zutena irudikatzean, bestalde, zelai batean ‘arnasa’ idatzi izan dute. Eguzkia eta arnasa hartzea botatzen dute faltan. Metaforikoa izan arren, uste dut mezua oso zuzena dela».
Gainera, azpimarratu gura izan du ume denek ez dutela kanpoan eremua duen etxerik, ezta balkoi edo terrazarik. Hala, galdetegia umeen gabeziak aztertzeko ere izan da. «Kasu egin zaien alor bakarrean akademikoan izan da, eta beste guztiari ez zaio kasurik egin. Gainera, umeak oso moldagarriak dira eta edozein gurasori galdetuz gero, erantzungo luke umeek egoera nahiko ondo kudeatzen dutela. Egia da erantzunen artean jaso dugula etxean ere gustura daudela, baina ‘gustura’ egote horrek baditu beste hainbat faktore ez ditugunak kontuan hartzen, eta beharrizan asko dituzte arretarik eman ez zaizkienak».
Beharrizanei arreta gutxi. Beharrizan horiek lau planotan banatu dituzte: fisikoa, soziala, emozionala eta akademikoa. Fisikoari dagokionez, etxean gustura egon arren eta etxeko ekintzak gustuko izan arren, askoz ere sedentarioak direla azaldu du Idoiagak: «Gehiago daude pantailekin lotuta gorputz mugimenduekin baino. Sormenezkoak direnak ere, askoz ere sedentarioagoak dira. Faltan botatzen dituzten ekintzak gorpuz mugimenduagaz eta kaleagaz dute zerikusia: korrika, kirola, jolastea… Zentzu horretan, ez gabiltza kasu gehiegi egiten umeen osasunari. Gainera, elikadura ohiturak aldatu zaizkien ere galdetu diegu, eta orokorrean umeek gehiago jaten dute konfinamenduan». Orain ordubete eman dezakete kalean, baina ez da nahikoa. «Telebistan inglesa edo bestelako gaiak lantzeko programak bultzatu dira, baina gorputz mugimenduari kasu gutxiago egin diote».
Alor emozionalean, beldurrak, erruduntasuna eta bakardadea aipatu ditu psikologoak. Etxean jendearekin dauden honetan bakardadearen sentsazioa agertzea adierazgarria da, «baina ume askok ez dute parekoarekin inolako harremanik konfinamendua hasi denetik. Etxean gurasoak egon arren beste ume batzuekin harremanik ez badute, edo hartu-emana bideo-dei bitartez bakarrik bada, logikoa da. Bideo-deien kasuan, gainera, ume txikienentzat ez da harremantzeko modu naturala, ez da balekoa haientzat».
Haserrea eta gogaitasuna ere nabaritu dituzte. «Haserrea ere eskolako lanekiko agertu zaigu, frustraziotik sortutakoak, eta hori ere landu egin beharko da. Azken batean, garrantzitsua da jarraipen akademiko bat egotea, baina egoera ere kontuan hartu beharko lukete».
Azkena, maila sozialean, familiakoak eta, bereziki, aitite eta amuma botatzen dituzte faltan. «Zaintzaileak» –dio Idoiagak–, «egunerokotasunean harremana izan duten jendea eta guztiz desagertu dena».
Lagunak, eskolak eta irakasleak ere faltan botatzen dituzte, eskolaren eta irakasleen balorea nabarmenduz. «Fokoa ipini dugu plano akademikoan: konpetentzietan, eskolako lanetan… Baina umeentzat eskola eta irakaslea askoz gehiago dira. Lanak izan arren, ikastetxea botatzen dute faltan eta, modu zuzenagoan, irakasleak. Haien figura askoz gehiago delako. Instituzioetatik baliabideak eskaini beharko lirateke irakasle horiek beraien ikasleekin ere harremana mantentzeko, eta klasekideek ere euren artean harremana mantentzeko».
Umeentzat ikastetxea babesgunea delako, batez ere talde zahurgarrienetakoentzat. «Horien kasuan kritikoa da, etxean dituzten arazo denen aurrean eskola delako beraien babesa eta irakasleak dira laguntza ematen dietenak». Etxean inolako arazorik ez duten umeek ere irakasleak euren zaintzailetzat hartzen dituztela dio Idoiagak: «Atxikimendua dago, maitasuna dago bai irakasleekiko, klasekideekiko eta hori errotik moztu da».
Egoera honek ondorioaak ekarriko dituela uste dute ikerlariek, eta hurrengo ikasturteari begira hezkuntza sistema prest egotea ezinbestekoa dela dio Idoiagak: «lanketa bat eskatuko luke, eta alde afektibo-emozionalari ere lekua eman behar zaio».
Hainbat dira umeek konfinamendu egoeran dituzten hutsuneak baina, Idoiagak azaldu duenez, «denak du eragina alde emozionalean. Ez dute harreman sozialik eta bakarrik sentitzen dira».