Gernika-Lumoko Udalak babes-kitak banatuko dizkie herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu sektorekoei
Tokiko Turismo Bulegoak egingo du banaketa.
Gernikarrak euren lanpostuetara itzultzen ari dira, eta, koronabirusaren aurrean segurtasuna eta prebentzioa bermatu asmoz, babes-kitak banatzeari ekin dio udalak. Segurtasunerako kit horiek hiriko saltokietan, ostalaritza sektorean eta zerbitzu sektorean banatuko dituzte; Turismo Bulegoa arduratuko da banaketaz.
Pakete horien edukia ondorengoa da: FFP2 motako maskarak, erabili eta botatzeko eskularruak, seinaleztapen-zinta, soluzio hidroalkoholikoa eta Barrutialde Institutuak eta Maier enpresak 3Dn egindako maskara babesleak.
Elementu horien beharra duten saltokiek eta oraindik eskatu ez dituztenek, Turismo Bulegoan egin ahal izango dute eskaera; astelehenetik ostiralera 10:00etatik 18:00etara, eta, asteburuetan 10:00etatik 14:00etara.
Banaketa hauek egin aurretik, udalak 600 pantaila banatu zituela gogoratu dute, “denda, farmazia, anbulatorio eta zaharren egoitzetan”.