Gernika Gogoratuzek eskuragarri jarri ditu bakeari eta gatazkei buruzko hamabost argitalpen
'Red Gernika' argitalpen saileko hamabost publikazio dira euren webgunean jarri dituztenak, pdf formatuan.
Gernika Gogoratuzek Red Gernika argitalpen saileko hamabost publikazio eskuragarri jarri ditu euren webgunean, pdf formatuan. Bakeari eta gatazkei buruz eginiko ikerketak jasotzen ditu Red Gernikak.
Argitalpen horiek Gernika Sarearen beste hainbat argitalpenekin batera aurki daitezke elkartearen webgunean. Izan ere, Gernika Gogoratuzek ildo editorial propioa dauka, Gernika Sarea izenekoa, eta bakearen eta gatazken inguruko ikerketak argitaratzen dituzte bertan. Gutzira, 34 monografia argitaratu eta 4 ikus-entzunezko egin dituzte.
Guztien artean, Johan Galtungen ezinbesteko bi titulu nabarmendu zituzten atzo; bakearen inguruko ikerketa modernoaren aitatzat dute idazlea: Paz por medios pacíficos Paz y conflicto, desarrollo y civilización eta Tras la violencia, 3R: reconstrucción, reconciliación y resolución.
Lehenengo liburuak bakeari buruzko ikerketen oinarri diren ideia eta teoriak azaltzen ditu. Horrela deskribatzen du sortzaileak bere liburua: “Bakearen ikerketa, heziketa eta ekintzarako oinarri bat ematera bideratutako ahalegin sistematikoa da”.
Bigarren liburuan, berriz, bakea dela bide zuzena kontatzen du. Indarkeria eta gero datorren su etena ez dela nahikoa dio, eta indarkeriaren osteko aldi hori “beste indarkeria baten aurrekoa” izan daitekeela uste du, “indarkeria zuzenaren azpitik egiturazko beste indarkeria bat dagoela ez ulertuz gero”. Indarkeria kulturala edo kulturaren indarkeria dela hori dio.