Euskara bestelako eran landuz
Bigarren astez egin dute Egunean Behin lehiaketa, eta 'Agezal' erabiltzailea izan da denetan onena. Berak jaso zuen saria, atzo, Enbeitaren eskutik, Gernika-Lumoko Merkatu plazan.
Gernika-Lumoko Berbalagunak egoerara egokitu dira, eta hileroko Ezetz Jakin lehiaketa egin ezin badute ere, euskara bultzatzeko bestelako aukera eta jokoak bilatu dituzte. Hala, Egunean Behin jokoan taldea sortu dute, eta aste bakoitzeko irabazlea sarituko dute.
“Iazko ikasturtetik talde bat sortuta dugu Berbalagunok, eta aste bukaeran puntu gehien lortu dituena sarituko dugu Onintza Enbeitaren eskutik; dozena bat arrautza irabaziko ditu lehenengoak”, adierazi dute arduradunek.
Bigarren astez egin dute lehiaketa, eta ‘Agezal’ erabiltzailea izan da denetan onena. Berak jaso zuen saria, atzo, Enbeitaren eskutik, Gernika-Lumoko Merkatu plazan.
Denetarik. Herritarrei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek, eta Berbalagunekoen taldera sartzeko gonbita egin diete: “Badakizue, igandera artean parte hartu! Nork jakin beharbada zeu izan zaitezke eta hurrengo irabazlea!”.
Taldeko partaideen artean, denetarikoa dago esan dute antolatzaileek: “Batzuk goiztiarrak izaten dira eguneko galderak erantzuten; beste batzuk, ostera, egunaren amaierara arte ez dute eguneko saioa betetzen; eta, badira ahauzkorrak ere, egun batzuetan ez baitute parterik hartzen”.