Arrano Gara elkartasun dinamika jarri dute martxan, "Arrano herriarena dela indartsu esateko"
Duela bost urte Espainiako Auzitegi Gorenak herriko tabernen eta elkarteen auziari buruzko sententzia eman zuen, eta sententzia exekutatzen hasi da orain. Hala, Arranori elkartasuna adieraztea beharrezko ikusi dute.
Arrano herriarena dela eta “ez beste inorena” esateko, #ArranoGara elkartasun dinamika jarri dute martxan: “Lema horregaz elkartasun dinamika bat abiatu dugu, elkartasun keinuak batu eta Arrano herriarena dela indartsu esateko”.
Duela bost urte Espainiako Auzitegi Gorenak herriko tabernen eta elkarteen auziari buruzko sententzia eman zuen, eta sententzia exekutatzen hasi da orain. Izan ere, blokeatuta zituen kontu korronteetako dirua bereganatu du. “Guk argi eta garbi diogu epai hau Euskal Herriaren kontrako lapurreta erraldoi bat dela”, diote Arranoko kideek.
Horregatik, uste dute “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela Arranori elkartasuna erakustea. Datozen egunetan arranoko ateak berriro zabalduko dituzte, eta Arrano elkartasun dinamikan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Hala, herriko tabernaren aurretik pasatzean selfi bat ateratzera deitu dituzte herritarrak, eta, gero, sare sozialetan zabaltzeko eskatu dute, #ArranoGara traola erabilita.
Arranoren kontrako erasoa “herritar denen kontrako erasoa” dela diote: “Arrano inoiz ez da eraikina bera bakarrik izan, beste Gernika eta Euskal Herri bat amesten dugunon aterpe eta arnasgune izan da. Eta aurrerantzean ere halan izaten jarraituko du”.
Oingoz, Auzitegi Nazionalak agindu duena bankuko kontu korronteetan esku hartzea izan da, baina taberna eta elkarteak izteari buruz ez dute ezer esan: “Oraindik ez dakigu ezer”.
Bazekiten lehenago edo beranduago epaiaren exekuzioa iritsiko zela, baina Arrano bultzatzen jarraitzeko hautua hartu zutela eta horrekin jarraituko dutela diote: “Arrano Libre dinamikaren barruan hainbat ekimen antolatu genituen. Auzolanean 25.urteurrena ospatu genuen, giro ederragaz”. Iaz gainera, itxura eta eskaintza barri bategaz aurrera egiteko asmoa berretsi zuten. “Gure ibilbide osoa jantzi duen ekarpen politiko eta kulturala sustatzen jarraitu dugu urtez urte. Gernikako herri giroa be sendotuz”