Langileen ordezkariekin landu gabeko plana egitea leporatu diote sindikatuek Hezkuntza sailari
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Jaurlaritzari ohartarazi diete baldintzak negoziatu eta osasuna bermatu ezean, langileak ez direla ikasgeletara itzuliko. Hezkuntzako gainerako eragileekin erantzun bateratu bat ematea dute asmo.
Batxillergoko, Lanbide Heziketako eta DBH 4.mailako ikasle eta irakasleek ikasturtea ikastetxeetan amaituko dutela iragarri zuen Kristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eguenean, eta ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek orri erantzun zioten biharamunean. Hezkuntza sailak aurkeztutako plana langileen ordezkariekin “negoziatu eta landu gabekoa” dela salatu dute. Euren ustez, osasun krisi honen kudeaketa guztian gertatu bezala, “aldebakarreko erabaki inposatua” da sailak hartutakoa.
Jaurlaritzari ohartarazi diete baldintzak negoziatu eta osasuna bermatu ezean, langileak ez direla ikasgeletara itzuliko: “Plana ikusita, eta ikastetxeen egoera ezagututa, gaur gaurkoz langileen eta ikasleen osasuna bermatuz itzulera abian jartzeko baldintzarik ez da ematen”. Planean jaso dituzten segurtasun irizpideak “motz geratzen direla” diote, eta irizpide horiek betetzeko hartu beharreko neurriak ikastetxeekin landu gabe ezartzea leporatu diote Hezkuntza sailari: “Baita neurri horiek abian jartzeko baliabideak aurreikusi gabe ere, zentroetako zuzendaritzengan neurri gabeko maila ezarriz”. Itzulera plan horren ezaugarri nagusiak “inprobisazioa eta prezipitazioa” dira sindikatuen iritziz.
Beraz, maiatzaren 18an ikaslegeletara bueltatzea “erabateko arduragabekeria” dela nabarmendu dute, langile zein ikasleen osasuna, eta oro har, gizarte osoarena “arrisku larrian jarriko litzatekeelako”. Osasuna bermatuz ikastetxeetara presentzialki itzultzeko baldintzak eurekin negoziatzeko eskatu diote.
Irakurketa bateratua. Aipatutako sindikatuek hezkuntza alorreko eragile desberdinekin berba egingo dute datozen egunotan, irakurketa elkarbanatu eta erantzun bateratu bat emateko aukerak aztertu gura dituztelako.
Mobilizazioak deitzea ere ez dute baztertu: “Sindikatuok langile eta ikasleen osasuna bermatze aldera, gure esku dauden tresna eta baliabide guztiak aztertuko ditugu, besteak beste, behar adinako mobilizazio dinamika bultzatzea”.