Ikasle Sindikatuak greba mugagabea deitu du
Hezkuntzari sailaren erabakiak ikasleen osasuna arriskuan jartzen duela salatu dute sindikatutik, eta "arduragabekeriaz" jokatzea leporatu diote.
Maiatzaren 18tik aurrera, ikasle greba mugagabea deitu du Ikasle Sindikatuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako institutuetan. Euren osasunaren eta hezkuntzarako duten eskubidearen aldeko greba dela esan dute: “Ikasle Sindikatutik klasera itzultzearen aurka agertzen gara erabat. Langileen, ikasleen eta gurasoen sindikatu eta erakunde guztiei dei egiten diegu elkarrekin uko egitera maiatzaren 18an klasera itzultzeari, egun horretan greba mugagabearekin hasiz ikastetxe guztiak itxirik mantendu daitezen, eta Eusko Jaurlaritzari exijitzeko gure aldarrikapenak bete ditzatela”.
Ikasleen eta hezkuntzako langileen osasuna bermatu ezin dela uste dutenez, ikasturtea amaitutzat ematea eskatzen dute, eta ikasketa-planak berrantolatzea, aurrez aurre egin ezin izan dituzten funtsezko edukiak hurrengo ikasturtean berreskuratzeko. Ikasle guztiek ikasturtean mailaz igotzea proposatu dute, eta hirugarren ebaluazioko azterketa guztiak eta selektibitatea bertan behera uztea. “Unibertsitatera sartzeko gutxieneko notak kentzea proposatzen dugu eta ikasi nahi dugun karreran behar adina plaza bermatzea guztiontzat”.
Lanbide Heziketako ikasleen praktikak udako hilabeteetan edo irailean osorik egitea eskatu dute, eta Goi-mailako ikasketetan sartzeko titulua behar duten ikasleek azken ebaluazioko irakasgaiak eta praktikak proiektuekin edo ziklo-amaierako lanen bidez baliozkotu ahal izatea.
Doako Lanbide Heziketa publiko eta kalitatezkoaren aldarrikatuz, LHko ikastetxe guztiak sare publikoan sartzea proposatu dute, irakasleak irakaskuntza publikoko langile bihurtuz eta doakotasuna eta behar diren plaza guztiak bermatuz. ” Eta arrakala digitalarekin amaitu eta kalitatezko prestakuntza bermatu behar da, beharrezko baliabide material eta teknologiko guztiekin batera”.
Bestalde, unibertsitateetako ikasleei dagokienez, ikasle guztiak mailaz igo behar dutela deritzote, eta online azterketak egin eta aurkezteko moduan daudenek nota hobetzeko aukera izatea.
Bigarren seihilekoko unibertsitateko matrikulak osorik itzultzea eta martxotik aurrera alokairuen eta unibertsitateko egoitzen dirua itzultzea ere eskatu dute, eta Beka plana igotzea, beka eskuratzeko nota 5era jaistea eta aurten beka bat lortu duten ikasle guztiek datorren ikasturtean hori mantentzea. “Unibertsitate publikoa erreskatatzeko plan bat abiaraztea ere ezinbestekoa da, doako eta kalitateko hezkuntzarako dugun eskubidea bermatzeko”.
Hezkuntza publikoa erreskatatzeko plana eskatu dute, eta horretan jaso beharrekoak zehaztu dituzte. Besteak beste, euren ustez egokia litzateke irakasleak masiboki eta berehala kontratatzea eta bitarteko irakasleentzat milaka lanpostu finko sortzea, eta osasunerako segurtasun-neurriak eta banakako arreta bermatzeko ratioak jaistea ikasgela bakoitzeko 15 ikaslera. Era berean, bekak igotzea ere beharrezkoa dela diote, bai eta legez bermatzea familia langileentzat hezkuntza erabat doakoa izatea haur-hezkuntzatik unibertsitatera. “LOMCE, Heziberri eta kontrarreforma klasista guztiak indargabetzea” ere eskatu dute.
Aurreko astean iragarritako Hezkuntza sailaren erabakiak ikasleen osasuna arriskuan jartzen duela deritzo, eta sailaren arduradunek “arduragabekeriaz” jokatu dutela salatu dute: “Irabazi ekonomikoa guztiaren gainetik jartzen dute eta gure osasunak eta hezkuntzak ez du ezer balio eurentzat. EAJrentzat funtsezko irizpidea inoiz ez da izan osasuna ezta hezkuntza ere. Horrela erakusten dute hezkuntza publikoari eta Osakidetzari urteetan egindako murrizketek eta zerbitzu hauen pribatizazioak. Gauza bakarrak arduratzen ditu: beren lagun enpresariek dirua irabazten jarraitzea”.
Ikasgeletara itzultzeko ezarritako neurriak “lotsagarritzat ” jo dituzte. Hezkuntza publikoan dagoen “hondamen egoeran”, neurri horiek betetzea ezinezkoa dela zehaztu dute Ikasle Sindikatutik.
Hezkuntza komunitateari “bizkarra emanez”, erabakiak “inposatuz” jokatu izana leporatu diote Hezkuntza sailari. “Erabateko larrialdi sozialeko egoera eragin dute hezkuntza publikoan, eta gainera, Eusko Jaurlaritzaren etorkizuneko planek argi uzten dute murrizketa gehiago eta hezkuntza lege klasista eta segregatzaile berriak aurrera eraman nahi dituztela. Konfinamenduan langile familietako ikasleok bizi izan dugun estres egoeran (zendutako gertukoekin, gurasoen ERTE eta kaleratzeekin, etab.) ikasketak benetako infernua izan dira”.
Materiak eta metodologia pedagogikoak berregituratzeko planik ez egitea eta irakasle gehiago ez kontratatzea egotzi diote: “Dena irakasleak eta ikasleak presionatzea izan da. Egutegia zorrotz jarraitzera eta kosta ala kosta materia guztiak irenstera behartu gaituzte, lanez gainezka, ezin burua altxa ikasketetatik egun guztian zehar, estresaturik, buruan soilik notak eta azterketak gainditzea ezarriz. Hau ez da irakastea ez ikastea! Esplotaziorako heztea da, norgehiagokan eta kanporaketan”.