Bermeoko EH Bilduk COVID-19aren ondorioei aurre egiteko elkarlanerako proposamena luzatu dio udal gobernuari
Larrialdirako mahai bat martxan jartzea "beharrezkoa" dela uste dute, "informazioa elkartrukatzeko eta hartuko diren erabakietan parte hartu ahal izateko".
“Elkarlana eta elkartasuna beharrezkoak” dira Bermeoko EH Bilduren iritziz. “Koronabirusak sekulako erronka jarri digu aurretik; herri eta komunitate bezala erantzuteko ordua da”. Hala, COVID-19aren ondoriei aurre egiteko, EH Bilduk zenbait proposamen bidali dizkio udal gobernuari. Horiek, baina, “elkarlanerako dokumentu” modura ulertzea gura dutela azaldu dute.
Herriko egoerari buruzko informazio eta datu eguneratuak izatea “ezinbestekoa” dela uste dute, unean uneko erabaki egokienak hartu ahal izateko. Horregatik, larrialdirako mahai bat martxan jartzea “beharrezkoa” dela uste dute, “informazioa elkartrukatzeko eta hartuko diren erabakietan parte hartu ahal izateko”. Mahai horretan Bermeoko Udaleko udal talde desberdinak, teknikariak eta herriko elkarte desberdinak egotea ondo legokeela uste du EH Bilduk.
Larrialdirako mahai horren helburu nagusia, “beharrizan handiena daukaten kolektiboetara laguntzak iristen direla” bermatzea izango beharko litzateke Eh Bilduren iritziz.
Badakite aurrekontuan aldaketa ugari ematen ari direla, bai eta diru sarrerak murriztuko direla. “Hori dela eta, inoiz baino hobeto pentsatu eta kalkulatu beharko dira hartzen diren erabakiak eta egiten diren aurrekontu aldaketak, modu adostu batean hartzeko herritarren partaidetzarekin, eta beti, informazio zehatz eta eguneratuan oinarrituta”.
Argi daukate, hala ere, lan hau guztia ezin daitekeela herritarren iritziak kontuan hartu gabe egin: “Herritarrei hitza ematea ezinbestekoa da”. Horregatik, komunikazio kanal “irekiak, zuzenak eta gardenak” zabaltzea proposatzen dute, horien beharrizanak gertutik ezagutzeko eta ahal den neurrian identifikatutako arazoei irtenbideak bilatzeko.
Esku artean daukaten informazioa kontuan hartuta, lehentasunak zehaztu dituzte eta atalka sailkatuta proposamenak bidali dizkiete. Herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta gizartearen arteko desberdintasunak gutxitzeko neurriak proposatzen dituzte, bai eta langabeziari aurre egitekoak ere. Tokiko kontsumoa sustatzeko mekanismoak ezarri behar direlauste dute, eta enpresei laguntzeko baliabide ekonomikoak bideratzearen garrantzia ere nabarmendu dute.
Hemen Bermeoko EH Bilduk udalari proposatutakoak.