Udalak milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu gizarte laguntzetara
Merkataritza eta ostalaritzako salmentak aktibatzeko 100.000 euroko bonuak jarriko ditu martxanGernika-Lumoko Udalak, eta 250.000 euro bideratuko ditu gehien behar duten familiei laguntzeko.
Gernika-Lumoko Udalak gizarte laguntzetarako neurri ugari iragarri ditu. Jose Maria Gorroñok alkateak zehaztu duenez, “egungo krisialdian, autonomo, negozio txiki, enpresa eta ETE askoren ekonomia itogarria da”. Hori horrela, udalak 1.182.878,76 euroko bideratuko ditu gizarte laguntzetara.
Azken bi hilabeteetan langabeziak modu esponentzialean egin duela gora dio alkateak, etengabe haziz, etaestres eta antsietate handia sortuz. Hala milioi bat euroko laguntzak “gehien kaltetutako” pertsonen eta familien gizarte beharrak asetzera bideratuko dituzte, baita egoerak gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko eta ekonomia suspertzeko ere. “Biztanle bakoitzeko 68,81 euroko laguntza da horretarako erabiliko dena”, azpimarratu du Gorroñok.
Ekintza gehienak Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari zuzenduta daude, 767.478,76 euro hain zuzen. Eta horietatik 92.276 euro Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza bereziari dagozkio.
Era berean, 250.000 euro bideratuko dira aldi baterako gizarte-larrialdietarako. Hau da, familia kalteberei zuzendutako laguntza izango da, eguneroko gastuei aurre egin ahalizateko; besteren artean, sendagaiak eta elikagaiak erosteko edota etxebizitzetako gastu arruntak ordaintzeko.
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka lan egiten duten gizarte laguntzako eta garapeneko erakundeek (Caritas eta Bizkaiko Elikagai Bankua) 25.000 euroko partida izango dute.
Merkataritza eta ostalaritza. Bestalde, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko laguntza 100.000 eurokoa izango da. Horretarako, 30, 15, 10 eta 5 euroko bonuak bultzatuko ditu udalak. 30 euroko bonuetan 10 euro ordainduko ditu udalak; 15 eurokoetan, berriz, 5 euro; 10 euroko bonutetan hiru euro ordainduko ditu, eta 5 euroko bonuetan, berriz, bi euro. Merkatari eta ostalariei laguntzeko txekeak Turismo Bulegoan erosi ahal izango dira.
Gainera, Gernika-Lumoko Udalak 25.400 euro bideratu ditu maskarak, hidrogela eta eskularruak erosteko. Zehazki, udaltzainentzat, udal langileentzat, tokiko merkataritza, ostalaritza eta ileapaindegietara joango direnentzat, eta Merkatu plazara hurbilduko direnentzat izango diren 11.000 maskara (4.000 FFP2 eta 7.000 kirurgiko), 250.000 hidrogel mililitro eta 6.000 eskularru pare erosi ditu udalak.
Herriko kulturak, berriz, 15.000 euroko laguntza jasoko du.