Merkatari txikiei eta ostalariei zuzendutako kanpaina abiarazi du Bermeoko Udalak
Helburu nagusia informazioa ematea eta jasotzea bada ere, bisita horien artean 800 maskara banatuko dituzte.
Udaletik azaldu modura, herriko merkatari txikien, ostalarien eta zerbitzu profesionalen egungo egoera ezagutu gura dute; euren beharrizanak aztertuz, diagnostiko eguneratu bat egiteko eta etorkizunera begira, eurekin harremanetarako sarea indartzeko. Horregatik, eurei zuzendutako kanpaina abiarazi dute gaur.
Udaleko langileek banan-banan bisitatuko dituzte herriko establezimenduak eta hartu beharreko osasun eta segurtasun neurrien berri emango diete. Horretarako, liburuxka bat prestatu dute, eta horretan, argibide guztiak bildu dituzte. Irekiera fase berrirako informazioa ematea dute helburu, bai eta hartu behar dituzten neurriak azaltzea eta udalaren eta sektorearen arteko zuzeneko harremana estutzea.
Helburu nagusia informazioa ematea eta jasotzea bada ere, bisita horien artean 800 maskara banatuko dituzte. Babeserako ekipo horiek Maier enpresaren bitartez lortu dituztela jakinarazi dute, eta enpresa txiki bakoitzean bina banatuko dituzte, beharra baldin badute. Ekintza horren bidez langileek, negozioak berrabiarazteko orduan babes neurri egokienak izatea gura du udalak.