Bizkai, Araba eta Gipuzkoa hurrengo fasera igarotzea proposatu du Jaurlaritzak
Artatze gaitasun egokia dagoela, kasu kopurua murrizten doala, eta adierazle epidemiologikoak ere onak direlako eskatu dute fase aldaketa. Busturialdean hiru kasu berri zenbatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatu dio Bizkai, Araba eta Gipuzkoa hurrengo fasera igarotzea. Hala, gaur arratsaldean bilduko dira Espainiako eta Jaurlaritzako ordezkariak, lehen fasera igarotzeko irizpideak betetzen dituzten ala ez eztabaidatzeko.
Nekane Murga osasun sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritzak atzo bete zuen eskatutako dokumendua, eta hiru lurraldeek Espainiako Gobernuak ezarritako neurri guztiak betetzen dituztela esan du: “Artatze gaitasun egokia dugu, kasu kopurua murrizten doa, eta adierazle epidemiologikoak ere, onak dira”
Osasun sailak jakinarazi duenez, 119.596 PCR eta 65.430 test azkar edo serologiko egin dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Atzo, 20:00ak arte, 8.017 proba egin zituzten. Hala, PRC bidez beste 33 kasu berri zenbatu zituzten. Guztira, pandemia hasi zenetik 16.959 kasu baieztatu dituzte, eta, horietatik %77 osatuta edo alta emanda daude.
Atzo 19 pertsona hil ziren, 1.383 guztira. Horrez gain, 532 pertsona daude ospitaleratuta, eta, horietatik, 454 solairuko geletan daude, eta 78 ZIUn.
Busturialdean, COVID-19an positibo eman duten herritarrei dagokionez, hiru kasu berri baieztatu dute; bi Bermeon eta bat Muxikan. Hala, eskualdean 333 pertsonak eman dute positibo Koronabirusaren proban. Bermeon 131 positibo daude, Gernika-Lumon 78, Mundakan 48, Busturian 42, Elantxoben bost, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun launa, Foruan, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan, Muxikan, Nabarnizen eta Sukarrietan bina eta Ereñon eta Errigoitin bana.
Datuak aztertuta, Murgak esan du ez dutela goranzko joerarik nabaritu: “Zerra hortzak daude, eta pandemiaren garapenaren balorazioa ez da egunez egun egin behar. Joera aldaketak neurtzeko denbora gehiago behar da». Egoera egonkortzen ari dela dio, eta baita aldagai batzuk hobetzen ari direla ere.
Aplikazioa. Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen COVID-19.eus aplikazioak 67.348 deskarga erregistratu ditu, eta autoebaluazioen bitartez, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten 3.708 pertsona zenbatu dituzte. Halaber, aplikazioaren bitartez, osasun arloko profesionalek 1.501 petsona artatu dituzte, eta horietatik 202 osasun zentroetara bideratu.
Txat horretan, osasun-arloko 50 profesionalek, 46 medikuk eta 4 erizainek laguntzen dute.
Aplikazioa etengabe hobetzen ari dira, eta pertsona bakoitzak bere osasun egoera zein hurbilekoena gehitzeko aukera ematen du. Era horretan, gainontzekoen egoera ikusteaz gain, ohiko gomendioak jasotzen dituzte, eta euren osasunaren jarraipena egiten dute.
Sistema horrek, gainera, sintomak dituzten eta etxean dauden pertsonen ezagutza eta jarraipen hobea ahalbidetzen die Osasun Sailari eta Osakidetzari, betiere modu anonimoan. Horrez gain, osasun-arloko profesional laguntzaileek erasan arina edo moderatua duten eta berrogeialdian dauden pertsonei laguntzen diete egunero.
Osasuneko sailburu Nekane Murgak gogorarazi duenez, aplikazioa lagungarria da prebentzio neurriak areagotzeko: “Aplikazioak zeregin garrantzitsua beteko du deskonfinamenduaren hurrengo faseetan, kutsatu berrien jarraipena egiteko garaian”. Izan ere, herrialdeek osasun-zerbitzuei kasuak bideratzen eta herritarrak prebentzioari buruz kontzientziatzen laguntzeko jarraitu beharreko estrategia gisa sustatutako ekintzen artean, horrelako tresnak bultzatu dituzte OMEk eta EBk.
PCR probak. Probei eta horiek futbolariei egiteari buruz galdegin diote osasun sailburuari, eta proba horiek osasun ministerioak erregulatzen dituela aitatu du. Araututa daudela dio: “Osasun Ministerioak protokolo bat argitaratu zuen maiatzaren 4an, diagnostiko-, zaintza- eta kontrol-estrategiak zehazten zituena. Bertan, PCR probak arrisku handieneko edo funtsezko kolektiboei egin behar zaizkiela adierazi zuten; osasun-langileei eta soziosanitarioei probak egitea alegia. Gu, gainera, Ertzaintza eta beste kolektibo batzuk sartzen ari gara”.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik, momentuz ez dituztela PCR proba berriak eskatu gehitu du: “Ez daukagu konpromisorik test azkar edota serologiko berriak jasotzeko”. Izan ere, bi test mota dituztela aitatu du. Bata, euskal enpresa batek ekoiztutakoa dela dio, IGM eta IGGak bereizten dituena; hau da, koronabirusarekiko defentsak “berriak edo egonkorrak” diren bereizten dituena. Gurutzetako ospitaleko laborategian test mota horren baliozkotzea egiten ari direla esan du, eta, horren arabera, probaren sentsibilitatea eta osasun sistemari eman diezaioken erabilera zehaztuko dutela gehitu du.
Bestalde, nazioarteko laborategi batekin aurre-erreserba bat ere badaukatela adierazi du. Baina aurre-erreserba hori kit bat bidaltzearen eta hura balioztatzearen baldintzapean dagoela nabarmendu du. “Pertsona bakoitzak zein antigorputz mota dituen bereizteko gai da. Probaren baliozkotzearen arabera, kontratua itxiko dugu”.