Normaltasun berrirako egokitzapena "bat eginda" kudeatu behar dela dio EH Bilduk
Zaintzaren koordinaziorako mahai bat sortzea eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari, baita ere udalerriko sektore ekonomiko estrategikoa bizirik irauteko neurriak proposatzea.
Normaltasun berrirako egokitzapena kudeatzea ezinbestekoa dela dio Gernika-Lumoko EH Bilduk, eta, kudeaketa hori “bat eginda” egitearen alde daudela jakinarazi dio udal gobernuari: “Gure ardura zuzena da trantsizio hau modurik seguruena, justuena eta solidarioena izatea, eta denok elkarrekin jarduteko momentua dela konbentzituta gaude. Erabakietan zein ekintzetan laguntzeko gure prestutasun osoa berresten dugu”.
Hori horrela, osoko bilkurak etenda daudela esanda, udalbatzan ordezkatuta dauden indar politiko guztien parte hartzea bermatzeko eremua antolatzea “ezinbestekotzat” jo dute: “Herritarren beharrizanei erantzuteko, erabakiak modurik egokienean kudeatzeko eta iritzien elkartrukerako eztabaidaguneak sortzea izan da behar da lehen urratsa, guztion ahotsa entzun eta gero, erabakiak ere guztion artean partekatuak izan daitezen”.
Trantsizioaren lehen fasean, zenbait eragile eta sektoreren eskakizunak dagoeneko mahai gainean daudela diote koalizio abertzaleko kideek, eta laster beste hainbat eskari gehiago egongo direla uste dute. Eta horiei ahalik eta arinen erantzun behar zaiela uste dute. “Egoera elkarrekin aztertu eta hurrengo pausuetarako proposamenak mahaigaineratu, eztabaidatu eta adostea izango da guztion xedea, herriaren onerako”.
Eskariak. Dagoenerako mahai gainean dauden zenbait eskariren berri ere eman dio koalizio abertzaleak udalari. Herritarrek antolatutako Zaintza Sarearen eskaerei erantzuteko eskatu du EH Bilduk. Sarekoek zaintzaren koordinaziorako mahai bat sortzea proposatu dute, agente guztiak batuko dituen sare publiko komunitario bat sortzea, hain zuen. “Gernika-Lumoko EH Bildu guztiz bat dator beharrizan horrekin, instituzioen aitortza eta babesa beharrezkoak ikusten dugulako”, adierazi dute.
Udalerriko sektore ekonomiko estrategikoa bizirik irauteko neurriak proposatzea ere eskatu dute ostalari eta merkatarien elkartekoek. Eta koalizio abertzalekoek negozio txikiak kontutan hartu behar direla azpimarratu dute: “Derrigorrezkoa zaio udalari beharrizan erreal horiei ahalik eta modurik egokienean erantzuna ematea, beti ere eskarian ordezkatuta egon ez daitezkeen hainbat negozio txiki bazterrean utzi gabe, eta herriaren bizitza sozialaren parte diren bestelako eragileak kontuan hartuta”.
Kirola egitera edo paseatzera irten gura duten herritarren kezkak eta eskariak ere batu dituzte EH Bildukoek, eta agerian geratu dela herritarrek zentzuzko neurriak, arauak eta baliabideak eskatzen dituztela diote: “Iradokizun horiek kontuan hartu behar ditu Udalak, eta bere esku dagoen guztia jarri Gernika-Lumotarron irteerak eta kirol jarduerak era seguruen eta ahalik eta modu atseginen burutu daitezen”.