Ekonomia suspertzeko egonkortasun instituzionala beharrezkoa dela dio Urkulluk
Enplegurako eta suspertze ekonomikorako plan berri bat egitea unean uneko lehentasuna dela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Eusko Jaurlaritzak Mahai Sozioekonomikoa batu du gaur, deseskaladaren lehenengo fasearen atarian. Agintariek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ekonomiaren eta enpleguaren egoera aztertu dute lurraldeetako eragile soziekonomikoekin, eta erakunde eta gizarte eragileen batasunari dei egin die lehendakariak, “ekonomia suspertzeko eta egoera iraultzeko asmoz”.
Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da bileraren buru, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak koordinatu du. Hiru lurraldeetako foru aldundietako ekonomia sustatzeko diputatuek, enpresa-eragileek, Confebaskek, Adegik, Cebekek, SEAk, Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza-ganberek, ASLEk, Mondragon Taldeak, Elkargi finantza erakundeak eta lau sindikatuek parte hartu dute.
Ekonomiaren eta enpleguaren suspertzeari bermeekin aurre egiteko egonkortasun instituzionala beharrezkoa dela azpimarratu du Urkulluk: “Mahai hau lan topaketa bat da, informazioa kontrastatzeko, erantzunaren ildo nagusiak partekatzeko eta indarrak batzeko. Guztion helburua da egoera
honetatik lehenbailehen eta ahal den hoberen ateratzea”.
Lehendakariaren hitzetan, enplegurako eta suspertze ekonomikorako plan berri bat egitea unean uneko lehentasuna da, hurrengo lau urtera begira: “Gure helburu nagusia enplegua izango da”. Osasun krisiari aurre egiten ari direla esanda, orain krisi ekonomiko eta enplegu-krisiari aurre egin behar zaiola adierazi du Urkulluk.
Hori horrela, “funtsezkoa” dela erakundeen egonkortasuna bermatzea, eta jarduera ekonomia eta enplegua berreskuratzea esan du. “Mundu mailako krisi bati aurre egin behar diogu eta, gure kasuan, uste
dut ekonomiaren susperraldia lortuko dela. Konfiantza daukat”, onartu du.
Lehendakariak, gainera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako susperraldi ekonomikoa “azkarra” izatea espero duela adierazi du. Eta jakinarazi duenez, aurreikuspenek jarduera ekonomikoa osorik berrezartzea urtebeteko epean gerta daiteke. Galdutako enplegua berreskuratzea, berriz, beste bi urtetan lortuko dela adierazi du. “Datozen urteetan etorkizuna izango dugu jokoan. Hiru trantsizio nagusi dituen estrategia dugu: teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa, eta trantsizio sozial eta sanitario berria”.