COVID-19aren gailurrari aurre egiteko hartutako lau arau indargabetu ditu Osasun Sailak
Gaurko datu ofizialen arabera, Busturialdean 330 pertsonak eman dute positibo Koronabirusaren proban. Hala, lau egunetan ez da kasu positibo berririk egon eskualdean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri duenez, COVID-19aren gailur epidemikoari aurre egiteko martxoan eta apirilean onartu zituzten ezohiko hainbat neurri indargabetu dituzte, egoeraren bilakaera ikusita.
Hain zuzen ere, Osasun Sailburu Nekane Murgak sinatutako lau arau indargabetu dituzte. Lehenik eta behin, koronabirusari aurre egiteko beharrezkoak ziren baliabide pribatu guztiak erabiltzea eta premiarik txikiena zeukaten eta pandemia transmititzeko arriskua areagotu zezaketen zerbitzuak atzeratzea ahalbidetu zuen martxoaren 24ko agindua indargabetu dute. Modu horretan, erakunde pribatuek beren jarduera programatua hasi ahalko dute.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoaren eskura zeuden baliabide guztiak (osasunari, kudeaketari eta boluntariotzari lotutakoak) kudeatu eta koordinatzea helburu zuen Zuzendaritza Batzordea ere bertan behera geratu da. Martxoaren 18an onartu zuten aipatu agindua.
Arriskuak murriztu asmoz, hileta-osasunaren alorrean martxoaren 26an hartutako agindua ere baliogabetu dutela azaldu dute.
Azkenik, bertan behera geratu den laugarren agindua apirilaren 6koa da. Horren bidez, nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaiak eta produktuak zuzenean saltzeko azokak aldi baterako eten ziren, eta denda-ibilgailuen bidezko saltoki ibiltarien jarduera arautu zen.
Indargabetze horiek Bizkai, Araba eta Gipuzkoan normaltasunera bueltatzeko egiten ari den deskonfinamendu progresiboaren testuinguruan kokatu behar direla jakinarazi dute. Hala ere, konpromiso eta erantzukizun indibidual eta kolektiboa eustearen garrantzia nabarmendu dute, beste behin ere. Ildo horretan, atzo aurkeztu zuten koronabirusaren transmisioa prebenitzeko gomendioen gidaliburuan bildutako gomendioak zorrotz betetzeko deia luzatu dute.
Gaurko datuak ere eman dituzte. COVID-19an positibo eman duten herritarrei dagokionez, domekan emandako datuak mantentzen dira Busturialdean. Gaurko datu ofizialen arabera, eskualdean 330 pertsonak eman dute positibo Koronabirusaren proban. Hala, lau egunetan ez da kasu positibo berririk egon eskualdean. Bermeon 129 positibo daude, Gernika-Lumon 78, Mundakan 48, Busturian 42, Elantxoben bost, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun launa, Foruan, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan, Nabarnizen eta Sukarrietan bina eta Ereñon, Errigoitin eta Muxikan bana.