10.430 langabe gehiago zenbatu dituzte apirilean
Langabeziak 34 urtetik beherakoen artean egin du gora gehien, eta nabarmentzekoa da 25 eta 34 urte bitartekoen artean dagoen langabezia kopurua: "Apirilean % 13,01 egin du gora".
Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak jakinarazi duenez, apirilaren bukaeran 138.643 pertsona zeuden langabezian erregistratuta. Hala, apirilean zehar, langabe kopuruak gora egin du; hain zuzen, 10.430 pertsona gehiago dira langabetuak (+%8,13). Covid-19aren epidemiak 21.404 langabe gehiago utzi ditu azken sei asteetan euskal lan merkatuan.
“Pandemiaren ondorioz sortutako egoerak izugarri astindu du euskal ekonomia”, esan du gaur Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak. “Oraindik zalantzazko egoera batean gaude, eta oso zaila da kalkulatzea pandemia lan merkatuan izaten ari den edo izango duen benetako eragina. Ezin da neurtu, baina datuek agerian uzten dute egoera larria dela”.
Azken hilabetean ostalaritza eta merkataritza jarduerek sufritu dute langabeziaren eragin handiena, berriro; haien artean nabarmentzekoak dira jatekoen eta edarien zerbitzuak (924 langabe gehiago) eta txikizkako merkatariak (823 langabe gehiago). Ehunekoei erreparatuz, baina, industrian izan den gorakada nabarmendu du lanbideko zuzendariak; izan ere, langabeziak %8,91 egin du gora. Zerbitzuetan %8,82 igo da langabe kopurua, eta eraikuntzan, berriz, %7,76 egin du gora.
Apirilean, langabeziak Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egin du gora. Proportzionalki, Araban eta Gipuzkoan hazi da gehien: bederatzi puntu bietan. Araban % 9,12 egin du gora, martxoan baino 1.955 langabe gehiago zenbatu baitituzte; guztira, 23.403 pertsona daude langabezian. Gipuzkoan % 9,04 egin du gora, martxoan baino 3.082 langabe gehiago baitaude; denetara 37.179 pertsona daude langabezian. Bizkaian, berriz, martxoan baino 5.393 langabe gehiago egon dira; 78.061 pertsona daude langabezian, eta, beraz, %7,42ko igoera egon da.
Langabeziak 34 urtetik beherakoen artean egin du gora gehien, eta nabarmentzekoa da 25 eta 34 urte bitartekoen artean dagoen langabezia kopurua: “Apirilean, % 13,01 egin du gora”.
Langabezian geratu berri diren 10.430 pertsonetatik “erdiak baino gehiagok” gehienez derrigorrezko irakaskuntzako ikasketak dituztela ere azpimarratu du Lanbideko zuzendariak: “Kolektibo horrekin lan handia egin beharko dugu euren enplegugarritasuna hobetzeko”.
Bi galdetegi. Epidemia hasi aurretik Bizkai, Araba eta Gipuzkoako datuak “onak” zirela dio Belandiak: “Duela egun gutxi, lan eremuan erreferentziazkoak diren bi galdetegi argitaratu dira: EINen Biztanleria Aktiboaren Inkesta eta Eustaten Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta. Biek erakusten dute euskal lan merkatuak zifrak hobetu zituela martxoaren bigarren hamabostaldira arte”. Hori horrela, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako langabezia tasa %10etik beherakoa zela adierazi du, eta, gehitu du, ahalik eta arinen berreskuratu behar dela bide hori.
“Lanbiden mota guztietako ekintzetan ari gara lanean”, dio. Besteak beste, gazteak eta beste kolektibo batzuk udalen bidez kontratatzeko dauden laguntza-ildoak aztertzen ari dira. Baita ere ahalik eta lasterren berreskuratuko dituzten prestakuntza-programak lantzen eta pertsona bakoitzak bere gaitasunetara bideratutako orientazioa jasotzeko arreta pertsonalizatuko sistema hobetzen. “Erabakiak hartu behar dira, eta hori egiten gabiltza”.
Kontratuak. Pandemiaren ondorioz, kontratazioak erabat erori dira. Apirilean, 26.594 kontratu sinatu ziren. Azken hilean, kontratuek behera egin dute, martxoan baino 29.098 gutxiago izan dira (% 52,25eko beherakada). Iazko datuekin alderatuz, 49.988 kontratu gutxiago sinatu dira aurten (% 65,3ko beherakada).
Aurten kontratu guztien metatua 235.249 da, aurreko urteko hil berekoa baino % 22,47 txikiagoa.