"Osasun publikoa bermatzeko", lege arruntera itzultzeko eskatu du Urkulluk
Krisia kudeatzeko eredua berriz aztertzeko eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Gobernuko Presidenteari.
Sanchezek, zapatuan, larrialdi egoera luzatzeko proposamena egin zuen Kongresuan, eta atzoko bileran sostengua eskatu zien autonomietako presidenteei. Trantsizioa erkidegoetako gobernuekin koordinatzeko prest dagoela esan zuen, eta jakitun dela konfinamendua arintzeko prozesuak alde biko elkarrizketak eskatuko dituela: “Egia da EAEk, Kataluniak eta Galiziak zalantzak plazaratu zituztela. Baina larrialdi egoera tresna konstituzional bakarra da mugikortasuna murrizteko”.
Lehendakariaren arabera, baina, Sanchezek planteatutako neurriak 1986ko Osasun Publikoaren Lege Organikoa, 2011ko Osasun Publikoaren Lege Orokorra eta, euskal eremuan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Osasun Antolamendurako Legea aplikatuz ezar daitezke. Eguaztenean bozkatuko dute luzapena Espainiako Kongresuan.
“Badakizu ez natorrela bat larrialdi egoera kudeatzeko moduagaz eta aginte bakarragaz”, esan zion Urkulluk Sanchezi. Erakundeen arteko harremanak beste modu batera ulertzen dituela gehitu zuen, “ez orain arte egin bezala”. Hala, eredua berriz aztertzeko deia egin zion Sanchezi, aldebiko marko egonkorra proposatuz, “elkarlanean eta elkarregaz erabakiak hartzean oinarritutakoa”.
Gutxieneko diru sarrerak. Gainera, “orain artean erantzunik jaso ez duten” hiru gairi buruz ere galdegin zion Urkulluk Espainiako presidenteari. Galdetu zion ea maiatzean jarriko zituen martxan Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak. Ildo horretan, azpimarratu zuen, diru sarrera horiek bermatzeko errenta bezalako laguntza ereduekin koordinatu behar dela, eta lehen zirriborroa noiz jasoko duen zehazteko ere eskatu zion.
Lehendakariak agerian utzi zuen, gainera, enpresen, negozioen eta saltokien jarduera partziala, eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak mantentzearen alde egitea aztertu beharko zela esan zuen: “Egungo lanpostuak mantentzeko funtsezko tresna da”.