Lehendakariak bilera batera deitu ditu alderdi politikoak, hauteskundeen data erabakitzeko
Iñigo Urkulluk maiatzaren 14rako deitu du bilera hori. Hauteskundeak egiteko bi aukera proposatu ditu: uztailean egin edo iraila/urrian. Lehendakariak gogorarazi du, urriaren 25a dela "hauteskundeak legez deitzeko azken eguna".
Iñigo Urkullu Lehendakariak bilera bat egin du gaur goizean Lehendakaritzan Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiekin. Bilerak helburua bikoitza eduki du: Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Osasun Larrialdi Adierazpena ebaluatzea eta hauteskunde deialdirako eszenatokiak aztertzea. Hauteskundeen data zehazteko maiatzaren 14an bilera batera deitu ditu alderdi politikoak.
Hauteskundeen dataren inguruan erabaki bat hartu ahal izateko datuen, irizpideen eta hauteskundeak egin ahal izateko aukerei buruzko hausnarketa eskatu du Urkulluk. Bi aukera ipini ditu mahai gainean:
- A aukera: Hauteskundeak uztailean ospatzea. Ildo horretan, Lehendakariak adierazi du osasunaren ikuspegitik egindako aurreikuspenak adierazten duela une honetan “kutsatze arriskua egonkortzeko eta murrizteko” fasean gaudela, eta “udako hilabeteak, ekainaren 21etik irailaren 21era bitartekoak, kutsatze-maila txikienekoak izan daitezkeela”.
- B aukera: Hauteskundeak irailean edo urrian ospatzea. Aukera horri dagokionez, Lehendakariak azaldu du osasun arloko talde adituen arabera udazkena iristen denetik aurrera (irailaren 21etik aurrera) gaixotasuna berriz sortzeko arriskua dagoela. “Gainera, data hori sasoi horretan ohikoa izaten den gripearekin zaildu liteke, eta jakina da udazkenean ez dugula txertorik jarriko”.
Lehendakariak gogorarazi du, urriaren 25a dela “hauteskundeak legez deitzeko azken eguna”. Izan ere, egun hori da legegiltzaldia behin betiko amaitzen den eguna, nahiz eta Legebiltzarra deseginda egon. “Horregatik, premiazkoa da hausnarketa hori denbora nahikoarekin partekatzea, erantzukizun demokratiko hori saihestu gabe”.