Ion Basurko: "Herrikide eta langileen osasuna lehen planora eraman nahi dugu"
Maiatzaren Lehenaren atarian, Ion Basurko LABeko ordezkaria elkarrizketatu du HITZAk. Langileen Nazioarteko Egunean zer aldarrikatuko duten azaldu du, besteak beste.
Zeintzuk dira LABen aldarrikapen nagusiak Maiatzaren Lehenera begira?
Aurtengo maiatzaren 1a oso berezia izango da. Gure lanak mundua eraldatzen du, eta horretarako bizitzak erdigunera eraman behar ditugula aldarrikatuko dugu. Izan ere, ikusten dugu eredu kapitalista hau langileen bizitza hirugarren edo laugarren mailan uzten ari dela. Bizitzak erdigunean jartzeko eskatzen dugunean, edozeren aurretik herritar eta langileak jarri behar direla diogu. Alegia, gure osasuna, gure zaintza eta aberastasunaren banaketa justu bat bilatzen duen eredu bat eskatzen dugu. Gure aldarrikapenak gauden egoera zehatz honek baldintzatu ditu aurten.
Aldarrikapen nagusietako bat osasuna da. Koronabirusa dela eta, zelan ikusten duzue langileen egoera?
Langileak arrisku bizian ari dira lanean. Gaixotasuna deitzen diogu koronabirusari, baina kapitalismo izeneko beste gaixotasun bat ere badago; larriagoa dena, lehenagotik datorrena eta guztiaren gainetik gailenduko dena. Bizitzak erdigunean jartzea beharraz ari ginenean, gure lan eskubide eta sozialez ari ginen, baina, orain, osasuna lehen planora eraman dugu. Eta hori diruaren aurretik jartzeko eskatu diegu agintariei.
Osasun arloa zelan dago?
Garbi ikusi da azken krisian interes politiko eta ekonomikoek bultzatutako murrizketek osasungintza zapaldu zutela. Eskuindar alderdi politikoak beti saiatu dira publikoa dena pribatu bihurtzen, eta ikusi dugu herri askotan egoitza publiko eta pribatuen artean aldea nabarmena izan dela koronabirusari aurre egiteko orduan. Ikusi da heriotz eta kutsatze gehiago egon direla egoitza pribatuak dauden udalerrietan. Eta zer esanik ez, ospitaletan. Hor dago Gernikakoa, bukatuta, eta gauza gutxirako erabiltzen dena. Ikusi dugu dirua AHTan gastatu dutela, gure osasunaren alde egitearen aurretik. Koronabirusaren egoera hau pasatzen denean, hausnarketa bat egin beharko da, benetan behar denaz eta ez denaz. Guk herrikide eta langileen osasuna lehenetsi behar dela diogu.
“Euskal Herrian eta gure eskualdeetan, batez ere, herriak enpresa txikiei esker bizi dira”
Osasungintzako lau langile hil dira koronabirusagaz.
Aipamen berezia egin behar zaie hildako osasun langileei. Ahaztu gabe ere, kutsatutako langileak. Konfinamendua ezarri zenetik, 43 egun pasatu dira, eta koronabirusagatik hil dituen langile asko daude. Enpresetara lanera joan eta gero kutsatu direnak, eta gero hil direnak.
Osasun krisiak zein sektore kaltetu ditu gehien?
Tokian tokiko enpresa txikiak, ertainak, autonomoak, dendak, tabernak,… asko dira kaltetuak, eta orain arte hartu dituzten neurriak enpresa handiei begirakoak izan dira. Eta Euskal Herrian eta gure eskualdeetan, batez ere, herriak enpresa txikiei esker bizi dira. Denen artean aurrera atera behar den sektoreetako bat izan beharko litezke tokiko dendak. Etorkizun oso beltza ikusten da. Guk herrian kontsumitzeko eskatzen dugu, baina ardura politikoak dituzten horiei neurriak hartzeko eskatzen diegu, herritar denei laguntzeko.
Ekonomiaren etorkizuna oso ilun datorrela diote datuek. Aurreikuspenen arabera, langabezia asko hasiko da. Hartutako neurriak hori saihesteko nahikoak dira? Edo beste batzuk planteatu behar dira?
Argi dagoena da egoera oso-oso gogorra bizitzen ari garela, eta erabakiak hartzea zaila dela. Hala ere, ez dira nahikoa hartutako bideak. Autonomoei kuotak kentzeko neurriak hartu ziren, baina oraindik ez dira egin. Neurri askoz ere gehiago hartu behar dira bai prebentzioari, bai osasunari, edota lan baldintzei begirakoak. Eta ez bakarrik autonomo eta enpresa txikiei erreparatuz, baita enpresa handiei erreparatuta ere. Eskualdeotan badaude enpresak Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteak (ABEE) aurkeztu dituztenak, eta ikusten dugu, berriro bueltatuko garela egoera oso prekario batetara, non langileek, beldurrez, edozer onartuko duten. Gaur egungo neurri eta legeak enpresek aurrera egiteko hartu dituzte, eta hor, kaltetuenak, langileak dira. Alarma honek langileetan beldurra eragin du, eta horrek gerora sortuko diren lanak oso prekarioak izatea ahalbidetzen du. Horregatik, langileak aktibatu behar ditugu, krisi garaia izan arren, langileak ezin direla zapaldu gogorarazteko.
Egungo egoeran, tamalez, lan eskubideak ez daude denen eskura.
ABEEak edota opor hartze derrigortu asko egon dira. Legez kontrako jokabide asko hartu dira. Dena nahastu da. Jende asko geratu da zortzi egun berreskuratzeko neurriagaz, edota ABEE egoeran. Eta ABEE horietako asko ez dira gaurtik abuztura artekoak izango, abendura bitartekoak eskatu baitituzte askok. Horrek ez du esan nahi langileek ez dutela ordura arte lan egingo, baina bai enpresek egoera hori erabiliko dutela eurei egoki iruditzen zaiena egiteko.