Herri Babesakoek suhiltzaile mozorrotzera deitu dituzte ume eta familiak
Bestalde, berrogeialdian umeei laguntzeko asmoz, eurei zuzendutako material didaktikoa ere jarri dute.
Bermeoko Herri Babesako boluntarioek beste kanpaina bat abiarazi dute. Familian denbora pasatzeko aukera “polita” izan daitekeelakoan, umeak zein familiak suhiltzaile mozorrotzera deitu dituzte.
Bakoitzak gura dituen arropak, tresnak, dekorazioa…erabiltzeko aukera dauka. Facebook, Twitter edo Instragram sare sozialetatik bidali daitezke ateratako argazkiak (pribatutik) edo BermeokoHerriBabesa@gmail.com-era. Jakinarazi dutenez, noizbehinka sare sozialetan zabalduko dituzte herritarrek bidalitako argazkiak.
Bestalde, Herri Babesaren drivean, berrogeialdian umeei laguntzeko asmoz, eurei zuzendutako material didaktikoa ere jarri dute. Arreta berezia behar duten umeei zuzendutako materiala ere badagoela diote.
Eta, oraindik, suhiltzaileen kamioien argazkiak batzen ere badabiltza, bai eta maketak ere.
Konfinamendua amaitzerakoan sorpresaren bat egongo dela esan dute Herri Babesako boluntarioek.