Hasiera batean, irailera atzeratu dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasea
Udaberria Bertsotan sailkapen fasean parte hartzeko 60 bertsolarik daukate izena emanda. Saioak bost egunetan jokatuko direla esan dute. Gero, Bizkaiko Txapelketa urrian hasiko litzatekeela esan dute, "printzipioz".
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udaberria Bertsotan izeneko sailkapen fasea maiatzean egin behar zen. Hori jokatu eta gero, txapelketa udazkenean zen hastekoa. Alarma egoera dela eta, sailkapen fasea atzeratu egin behar izan du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. “Printzipioz irailera atzeratuko da, baina denborak esango du orduan egin ahal izango den edo ez”.
Udaberria Bertsotan sailkapen fasean parte hartzeko 60 bertsolarik daukate izena emanda. “Bizkaiko eskualde guztiek daukate ordezkaritza”. Kopuru hori kontuan hartuta, fase hori hamar saiotan egitea aurreikusi du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak; saio bakoitzean sei bertsolarik parte hartuko lukete. Eta fase horretatik bertsolariak puntuazioz sailkatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketara.
Sailkapen fase horretako saioak bost egunetan jokatuko dira; egun eta ordu berean, herri desberdinetan saio bi egingo dira. “Erabaki hori iaz hartu zuen talde antolatzaileak”.
Hori egin eta gero, Bizkaiko Txapelketa urrian hasiko dela esan dute, “printzipioz”. Txapelketak sei kanporaketa saio, hiru finalaurreko eta finala izango dituela ere aurreratu dute. “Kanporaketetara 2016an finalistak eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten bertsolariak sartuko dira”. Hala, fase horretan 36 bertsolarik parte hartuko dute. Finalaurrekoetan, ostera, 2018an finalista izadakoak sartuko dira.