Gotzon Basaras: "Pandemiak, tamalez, txarto egin diren gauzak agerian laga ditu"
Maiatzaren Lehenaren atarian, Gotzon Basaras ELAko ordezkaria elkarrizketatu du HITZAk. Langileen Nazioarteko Egunean zer aldarrikatuko duten azaldu du, besteak beste.
Zeintzuk dira ELAren aldarrikapen nagusiak Maiatzaren Lehenera begira?
Aurten bizi dugun egoeragaz dena aldatu da. Hori bai, COVID-19agaz eta lan istripuetan hil diren guztiak gogoan eduki nahi izan ditugu. Gure ustez, bidegabekeria handi baten aurrean gaude. Hainbat pertsona ari dira hiltzen; eta COVID-19an pandemiak, tamalez, txarto egin diren gauzak agerian laga ditu.
Zeintzuk, esaterako?
Krisi hau ez da unean unekoa; egiturazko krisi bat da. Bideragarria ez zen sistema batean bizi izan gara, eta ez gaude honi aurre egiteko prestatuta. Eredu kapitalistari jarraituz, sekulako murrizketak egin dira sektore publikoan, eta krisi honegaz gabezia horiek guztiak agerian geratu dira. Jendeak gertatu denari buruz eta egoera honetara zergatik ailegatu garen hausnartzea nahi dugu; aurtengo mezua ere zentzu horretatik bideratu nahi izan dugu. Eta kalean batu ezin bagara ere, ohiko modura kolektibotasunari eta publikotasunari garrantzia ematen jarraitzen dugula azpimarratu nahi dugu ELA sindikatutik. Gure ustez, horrek bermatzen du herritar guztion berdintasuna.
Aldarrikapen nagusietako bat osasuna da. Koronabirusa dela eta, zelan ikusten duzue langileen egoera?
Hartu diren erabaki txarrak tarteko, ez gara egon prestatuta. Besteak beste, gaixoak artatzeko ez da egon nahikoa medikurik ezta horiek guztiak artatzeko nahikoa ZIUrik prestatuta ere. Herritar guztiok etxean geratu behar izan dugu. Izan ere, sistema ez dago prestatuta zerbait handia gertatzen bada horri guztiorri erantzuna emateko.
Erakundeek hainbat laguntza agindu dituzte, baina praktikan gero ez da horrela izaten; orain arte ez, behintzat Osasungintzako lau langile hil dira koronabirusagaz.
Ospitaletan lehen lerroan lanean ari direnez gain, zaharren egoitzetan ere sekulako une zailak ari dira bizitzen. Babes neurriak badoaz gehitzen gutxinaka, baina hasieretan ezelako babes barik lanean ibili behar izan dira, ez zegoelako Norbera Babesteko Ekipo nahikorik. Hala ere, lehen lerroan osasun arreta ematen eta segurtasunaz arduratu direnak eta bestelako langileak ere lanera bidali dituzte.
Osasun krisiak zein sektore kaltetu ditu gehien?
Osasun krisiagaz kaltetuen suertatu diren sektoreetako bi ostalaritza eta saltoki txikiak izan dira. Negozio horiek lanera buelta egin orduko, alokairuak, langileen soldatak eta bestelako gastuak ordaindu beharko dituzte, eta irabazien ordez, galerak baldin badituzte, gaizki pasako dute. Ez badute laguntza ekonomikorik jasotzen, askok itxi egin behar izango dute. Orain, inoiz baino gehiago, denon erantzukizuna izango da negozio txiki horiei denon artean babesa ematea. Elkartasuna bultzatzea ezinbestekoa bihurtuko da itxi ez dezaten. Erakundeek hainbat laguntza agindu dituzte, baina praktikan gero ez da horrela izaten; orain arte ez, behintzat. Laguntza horiek baldintza oso zorrotzak eskatzen dituzte, eta, tamalez, batzuentzako ez da nahikoa izango, eta atzean geratu beharko dira. Nire ustez, laguntza gehiago eman behar dira, era errazagoan eta argiagoan.
Ekonomiaren etorkizuna oso ilun datorrela diote datuek. Aurreikuspenen arabera, langabezia asko hasiko da.
Hasiera batean ez du itxura onik. Zoritxarrez, hartutako erabaki txarrek eragin dituzten gabezia horien iceberg-aren punta ikusten ari gara. Orain, hasieran, Enplegua aldi baterako erregulatzeko (ABEE) hainbat espediente aurkeztu dituzte. Ezinbesteak bultzatuta neurri hori hartu behar izan dute, batez ere, ostaritzan eta merkataritzan. Egia esan, enpresa txiki eta ertainak egoera larri-larrian daude. Hemendik aurrera era askotako ABEEak aurkeztuko direla uste dut, eta, tamalez, kaleratzeak ere asko izan daitezke. Hori dela eta, adi-adi egon beharko dugu sindikatuok.
Egungo egoeran, tamalez, lan eskubideak ez daude denen eskura. Zelako kasuak ikusi dituzue?
Denetariko kasuak ikusi ditugu. Orain gutxi aurkeztutako ABEE horiek alarma egoera amaitutzat eman arte egon daitezke indarrean. Tarte honetan, gainera, salbuespenezko neurri modura Itzuli beharreko baimen ordaindua delakoa ere abian ipini zuten, eta ABEE aurkeztuta zutenek hori ere aurkeztu zuten. Orain, aldiz, ezinbestekoak bultzatutako ABEEak laga dituztenek eta Itzuli beharreko baimen ordaindua amaitu zaienak ohiko ABEEak planteatzen ari dira. ABEEak aurkezteko nahikoa arrazoi badaudela ulertzen dugu, baina horiek zelan gauzatuko diren ikusi eta zaindu beharra dago. Enpresari batzuk legea eskuetan edukita egoera luzatzen saiatzen ari dira, eta ez dugu nahi ABEEa erabiltzea jendea etxera bidaltzeko. Legea eskuetan neurrigabekeriarik ez egotea eskatzen dugu, besterik ez.