Gizarte zerbitzuen aurrekontua nabarmen handitzeko eskatuko dio EH Bilduk udalari
Egoera ahulean dauden herritarrei laguntzeko asmoz, sei neurri proposatuko dizkio Gernika-Lumoko EH Bilduk udalari.
Proiektuek itxaron dezaketela, baina bizitzek ezetz dio Gernika-Lumoko EH Bilduk, eta egoera ahulean dauden herritarrei laguntzeko sei neurri sorta proposatuko dizkio udalari.
“Koronabirusak eragindako krisi sanitarioaren fase gogorrena laster bukatuko dela dirudi, baina epidemiak utziko dituen zauriak nabariak izango dira; lehendik egoera ahulean egon direnak are bortitzago kolpatu ditu, eta beste hainbat bizitza aurrera ateratzeko zailtasun handiekin utziko ditu”, azaldu dute koalizio abertzaleko kideek.
Hori horrela, erantzunak emateko “momentua” dela esanez urgentziako neurriak proposatu dituzte. Gizarte zerbitzuen aurrekontua nabarmen handitzea eskatu dute, “kolektibo kalteberen beharrizanei erantzuteko”. Egutegi fiskala malgutzea eta tasa zein zerga guztiak birkalkulatzeko eskaera ere egingo dute, etxeko ekonomiari arnasa eman asmoz.
Euren negozioa itxi behar izan duten merkatari, ostalari, autonomo eta enpresa txikienei dagokienez, eurei zuzendutako diru laguntza zuzenak bideratu beharra dagoela uste dute koalizio abertzalekoek, “galerak konpentsatu eta gastuek ez itotzeko”. Tokiko kontsumoa sustatzeko herriko komertzio txiki eta tabernetan gastatzeko txekeak banatzea ere pentsatu dute.
Herriko kirol eta kultura taldeen biziraupena bultzatzearen alde ere egin dute. “Herriko kirol eta kultura taldeen biziraupena eta jarduera ziurtatzeko ez ohiko dirulaguntzak ematea proposatzen dugu”.
Ariketa kolektiboa. Urgentziazko neurri hauek, berandu baino lehen hartu behar direla diote Gernikako EH Bildukoek, “kalte konponezinak saihesteko”. Hala, gastuen birpentsatze zehatza egiteko “ezinbestekoa” dela aurrekontuen formulazio berria egitea uste dute: “Ariketa kolektiboa izan behar da denon beharrizanak asetzea nahi badugu. Aurrekontuen lanketarako diseinua elkarlanean egin eta, oro har, herritarrei, baina bereziki kolektibo kaltetuenei, parte hartzeko bermea ematea eskatzen diogu udalari”.
Erantzukizunez eta arduraz jokatzeko unea dela deritze, eta horrek “esfortzu kolektibo handia” eskatuko duela uste dute: “Guztion ongizatea bermatzeko, hainbat gauzei uko egin beharko diegu”. Hala, joan den astean udalari biltzeko eskaera egin ziotela gogoratu dute EH Bildukoek, “krisi honek herritarrengan eragingo dituen ondorio latzei aurre egiteko neurriak proposatu eta eztabaidatzeko”.